Duela ia bortzehun urte idatzia bada ere, Etxepareren leloak guztiz indarrean dirau. Goiburu polita heldu den ortziraletik aurrera erabiltzeko. Lehen euskal liburuaren egilea euskarari berari zuzendu zitzaion eta, orain, Euskaraldia euskaldunari zuzentzen zaio plazara atera dadin, edo bertzela erranik, hizkuntza gure barnetik, edo etxetik, edo armairutik, plazara atera dezagun. Uste baino auni-tzez ere gehiago gara hemen hiriburuan, Iruñerrian, baina erdararen itsaso zabalean (maiz, zakarrean), nekeza da lemari eustea, ezin jakin plazan norekin mintza gaitezkeen, eta gainera, etxean, lanean nahiz lagunartean, ohituren poderioz, maizko lerratzen gara erdarara. Eta zer erranik ez, nekez min-tzatzen gara euskaraz ulertu bai baina arras gutxi dakienarekin, ez baikaude ohituta euskara-erdara elkarrizketak izatera. Hain zuzen ere, ohitura horiek haustea proposatzen digu Euskaraldiak. Dagoenekoz 15.000 lagunek eman dute izena Nafarroan, hilaren 23tik aitzina paparrean Ahobizi edo Belarriprest txapak eramateko. Uste izatekoa da aste honetan jende gehiago bilduko dela. Euskal Herri guztietan eginen da ekimena, erabilera igotzeko itxaropenez, baina ea gure inguru hurbilean nabari den, gakoa Gazteluko plaza baita, Iruñea, Iruñerria. Nabaritu dadila, konparaziora, milaka iruñerritar hezi direla euskaraz. Gauza izan beharko genuke jauzi bat egiteko, behar adina euskaldun baikara horretarako, duela berrogei urte baino aunitzez are gehiago. Pentsaezina izanen zen lehenago horrelakorik hemen egitea, gauzak onerako aldatu baitira, zenbatekoan alimaleko aldaketa gertatu baita; orain, nolakoari heldu behar zaio. Beraz, badut 23a iristeko txirrinta handia, ea zenbat txapa ikusten diren paparrean, beti erdalduntzat jo izan dudan auzokide edo saltzaile honek edo hark zur eta lur utziko nauen esperantzan.