Iruñeko Udalak berriz ere antolatu du Hemingway bidaide zikloa, iruindarrok idazle harekin omen dugun zorra ezagutzeko. Hamaika saio, hi-tzaldi, ibilaldi, erakusketa eta gisako izanen dira datozen egunetan, oro jakingarri, den-denak amerikarra ardatz hartuta; hori bai, haren gainean eraiki den irudi ofizialaren erakusgarri. Iruditeria horren barnean, hamaika kartel ikusten dira gure hirian: Hemingwayk hementxe bazkaltzen zuen; Hemingwayk denda honetan erosten zituen zapatak; Hemingwayk taberna honetan hartzen zuen bermuta; Hemingwayk kafetegi honetan edaten zuen kafea; eta zenbat holako. Enpo. Horregatik, Alde Zaharreko denda batean, kartel hau paratua dute: “Hemen ez zen Hemingway inoiz ere izan”. Irudi hori, dena den, hankamotz geldi-tzen da, bertzelakoak azaleratzen ez badira. Martzeliano Etxea egondako karrikan, konparaziora, xafla hau para zitekeen: “Idazlea maiz etortzen zen ostatu honetara, Iruñerriko bildoski errea jatera; dena jaten zuen, burua barne, ardo gorriak ederki lagundurik. Platera garbi-garbia utzi eta botilak azken tantaraino hurrupatutakoan, nekez zutitu eta zealdoka alde egiten zuen, La Perla hotelerainoko bidea aurkitu ezinik”.

Idazlearen gaineko itzala, dena den, Iruñeaz haratago ere hedatu da. Badakizue, Auritz, Aezkoa, Irati, amuarrainak? Horiek oro xehetasun handiz ageri dira Nafarroako turismo arloko testuetan. Alabaina, ez da hitzik agertzen inguru horretako jendearen euskal izaeraz, Hemingwayk izaera horren euskalduntasuna aunitzetan aipatu arren. Auritzi buruzko testuetan ongi dago iparramerikarraren egonaldiak aipatzea, baina zerbait ere idatz zitekeen herri horrek eman dituen euskal idazle baliosez. Egia erran, nekez aurkituko dugu “euskal”, “vasco” eta gisako hitzik Nafarroako foileto turistiko ofizialetan, Aldaketa ez baita arlo horretara iritsi.