Atzo, hirugarren bestaburua. Azkena. Errege Eguna, alegia. Bigarrenaren bezperan, besta txiki bat egin zen Iruñeko Miserikordia Etxean, eguerdian, joan den astelehenean, abenduaren 31n. Ez dakit zenbat udal ordezkarik jakinen ote zuten hori; hau da, otamena eginen zela etxe horretan bizi direnendako, urtearen akabera ospatze aldera. Batek, bai, bederen. Nork eta oposizio-buru eta alkategaiak. Hantxe zen, nabarmen, agerian, ahalik eta jende gehienarekin solas egin nahian. Maiatza uste baino hurbilago baitago. Mekako egungo buruak, gainera, ez du ezkutatzen nor duen begiko. Udal gobernu taldearen ordezkariek inoiz baino erneago ibili beharko dute datozen hilabeteotan, eta agertu, agertu beharreko toki guztietan. Badakigu aurtengo aurrekontuak dituztela solasgai, langai, eztabaidagai. Eta halaxe izan behar du, arras ona bailitzateke hiriak aurrekontuak izatea. Ongi legoke, beraz, Aldaketaren aldeko indarrak batera agertzea, Unzu etxearen inguruko aferan batera agertuko omen diren bezala. Hortaz, ez dirudi hostel erraldoirik izanen denik garai bateko arropa-denda ospetsuenaren eraikinean. Aurrekontuetan, ordea, ezin erran oraingoz horrelako batasunik lortuko denik. Izan ere, ziur da hamaika zinegotzik bozkatuko dutela aurrekontuen alde (hamaika zinegotzi zehatzek). Beraz, hiru falta dira hamalaura iristeko, eta denok ederki dakigu nor diren. Solasean, lanean, eztabaidan dihardute hiru zinegotzi horiekin, eta gero eta hurbilago omen daude elkarrengandik. Ezin jakin, ordea, hiru horiek zer eginen duten. Zentzuzkoa litzateke alde bozkatzea. Baina, larri ibili, zeren, orain arte erakutsi dutenari kasu egitera, behintzat, edozer gerta baitaiteke, aspaldi bilakatua baita Aranzadi oposizioaren eskumakila. Ortzegun honetan argituko da, etzidamu, urtarrilaren 10eko osoko bilkuran, alegia.