itsasondo - Joan den urteko maia-tzean, Axier Garro, Itsasondoko alkateak eta Denis Itxaso, Kultura eta Kirol Departamentuko diputatuak, hitzarmen bat sinatu zuten Itsasondo herriaren erdian kokatuta dagoen Errota pilotalekua berri-tzeko eta hala, herritar guztientzako eskaintza eskura jartzeko. Batez ere, irisgarritasuna hobetzea zen lanen lerroa, eta dagoeneko amaitu dituzte lan guztiak, beraz, Errota goitik behera berrituta dago.

Proiektuak 402.000 euroko aurrekontua izango zuela aurreikusten zen orduan eta horietatik, gehienez ere, 162.000 euro jarriko zituela Aldundiak. Hala ere, azkenean diru gutxiagorekin atera da aurrera pilotalekuaren berritzea. Hala azaldu du Garrok: “Azkenean lanaren esleipena 305.000 euro ingurukoa izan zen, eta proiektuaren erdia finantzatu du Aldundiak”. Beraz, 150.000 euro pasa jarri ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hiru lizitatzaile aurkeztu ziren deialdira eta azkenean, Urbycolan SL enpresak burutu ditu lanak, 305.674,60 euroan zehazki. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Erein programaren bidez ere jaso dute diru partida bat.

Errota pilotalekua 1989. urtean eraiki zen Ignacio Diaz Goena arkitektoak egindako proiektuari segiz eta herrigunean, udaletxearen parean dago kokatua, plazaren jarraian. Frontoiak perimetro horretan hiru horma ditu: frontisa, ezker horma eta errebotea. Laugarren aldean, baina, arkupe bat du, plaza aldera begira dagoena.

Berritze lanak hasi baino lehen, 36 metro luze, 14 metro zabal eta 12 metro altu zen. Horra hor zuen arazo nagusiena: frontoiko kantxaren eta plazaren kotaren artean bi metro inguruko aldea zegoen, eta tarte horretan hormigoizko bost harmaila. Hori dela eta, pertsona ba-tzuk ezin zuten kantxara jaitsi, eta ezin ziren antolatu kantxaraino ibilgailuz iristea eskatzen duten zenbait ekitaldi.

juntadizorako lekua Kontuan izan behar da herri txikietan pilotalekuak duen garrantzia, izan ere, gauza asko antolatu ohi dira bertan. “Herrian ez dugu aterpe handirik eta herri txikietan ekintza asko pilotalekuan egiten dira. Azkenean, ekin-tza gehienak bertara bideratzen ditugu, eta irisgarritasuna hobetzea beharrezkoa zen”, gehitu du alkateak.

Egoera horren aurrean zerbait egin beharra zegoela erabaki zuen 2017. urtean Itsasondok, parte-hartze prozesu baten bitartez. Hala, herritarrek bozketa bidez kantxa plazaren mailaraino igotzearen aldeko hautua egin zuten. Obrak, zehaztutakoaren arabera, ez zuten asko iraun behar, hiru bat hilabete, baina halakoetan gertatzen den moduan, luzatu egin dira epeak. “Lan nagusiak abuzturako amaituta zeuden, baina gero xehetasun guztiak zaindu nahi izan dira eta horregatik luzatu da”, esan du Garrok.

jendea, ‘pozik’ Gauzak horrela, asteburuan inaugurazio festa edo ekitaldi “xumea” egin zutela agertu du. “Oso sinplea izan zen, baina amaiera jarri nahi genion prozesuari. Pintxoak eta edariak jarri genituen, eta 80 pertsona inguru gerturatu ziren bertara”.

Garrok oraingoz ez du nabaritu jende gehiagok ematen dionik erabilpena Errotari, baina bai azaldu du zer izan den herritarrek esan diotena: “Asko gerturatu zaizkit esatera plaza inguruak asko irabazi duela, eta bide batez, herriak berak ere bai”.

Aurtengo urterako buruan hainbat proiektu ere badituztela aurreratu du alkateak: “Beko Kale auzoan berrikuntzak egingo ditugu, baina oraindik finantziazioen zain gaude, horren baitan hasiko ditugu lanak ahalik eta azkarren. Bertan autoen-tzako zentzu bakarra jarriko dugu, argiteria eta espaloiak berritu eta aparkalekuen guneak ere bai”. Beraz, herrigunetik urrutien dagoen auzo hau hobetzeko bidea hartu nahi du Udalak aurtengo urteari begira, Itsasondok ere aurrera jarrai dezan.