ordizia - KulturLab izenpean abian jarri du Ordiziako Udalak kulturaren kudeaketarako eta kultur ekipamenduen erabilerarako plana. Asmo honek Ordiziako hurrengo urteetako kultur eredua finkatu nahi du, herriko kultur ehunaren eta herritar orok dituzten behar eta interesak kontuan hartuz.

Helburu horretara iristeko, alde batetik, beharrak, erronkak, arazoak eta aukerak aztertuko dira, eta, bestetik, interesak, nahiak, ideiak eta aurreikusitako proiektuak identifikatu. Horien guztien azterketaren ondoren, ondorioak atera eta irtenbideak proposatuko dira uda amai-tzerako.

Ordiziako kulturaren azpiegitura nagusia Herri Antzokia da eta horrek izango du protagonismoa. “Espazioa, erabilera eta programen diagnosi eta definizioa egingo da, herriko kulturaren ardatzetako bat delako”, agertu du Ordiziako alkateak, Jose Miguel Santamariak.

herritarren hitza Udalak argi utzi du prozesu parte-hartzaile bat abiatuko duela eta herritarrei honen berri emateko aurkezpen orokorra ostegun honetan egingo da, 19.00-etan Barrena kultur etxeko areto nagusian. Herriko eragile, kultura erabiltzaile eta interesatu guztiei zuzenduta egongo da. “Oso garran-tzitsua da parte-hartze prozesu bidez izatea, kontuan izanda Ordizian kultur dinamika zabala dugula. Beharrak identifikatu eta asetzeko saiakera egin nahi dugu eta horretarako ezinbestekoa da ordiziarrekin kontaktu zuzena izan eta erabakietan inplikatzea”, zehaztu du alkateak.

Prozesu guztiaren informazioa herritarrekin partekatzeko online plataforma bat ere ireki dute eta iradokizunak eta proposamenak jasotzeko ere balioko du. Ekarpenak email bidez ere jasoko dituzte, kulturlab@ordizia.eus-ean.

Planaren garapenerako hiru lan bloke nagusi daude: egungo ego-eraren azterketaren garapena eta tendentzien azterketa; Ordiziako kulturaren erronka eta nahiak, eta maila teknikoan, plan operatiboaren garapena eta ekipamenduen erabilera planaren diseinua.

Behin plana finkatuta dagoenean Udalak bere gain hartuko du faseka martxan jartzea. Prozesua errazteko eta lan teknikoen garapenerako, Udalak Kultiba kultur aholkulari-tza erakundea kontratatu du esleipen bitartez, prozesuaren funtzionamendu egokia bermatzeko.