beasain - Beasaingo Udalak kirolean euskararen presentzia eta sustapenarekin jarraitzeko pausoak eman ditu azken hilabete hauetan eta ildo beretik jarraituko du aurrerantzean ere. Eusport enpresak eta Beasainen herritar gehien biltzen dituzten bi kirol elkarteen artean, Beasain Kirol Elkartea eta BKL, sinatutako hitzarmenak urte bete egitear dago eta arduradunek oraingo ibilbideaz “balorazio positiboa” egin dute.

Bi elkarte hauek udalerrian eragin gehien duten elkarteak dira dudarik gabe, ehunka bazkide eta erabiltzaile dituzte eta. Horregatik, egunerokoan euskarak zer nolako presen-tzia duen jakiteko asmoarekin Eusport enpresak egoeraren diagnosia egin eta emaitzen berri eman du.

Emaitzen arabera, elkarteetako bi zuzendaritzek euskararekiko duten sentsibilizazioa argi geratu da egindako diagnosian: “Beraien elkarteetako estrategia garatzean euskara oso presente dute. Euskarak garran-tzia du eta barneratuta daukate. Zuzendaritzek euskaraz jarduteko gaitasuna altua dute eta euskararen alde lan egiteko inplikazioa agerian utzi dute. Talde barruko harremanetan oro har euskararen erabilera maiztasunez egiten da eta bere presentzia maila ertain-altua da”, azaldu dute.

hurrengo pausoak Diagnosi hori esku artean izanda, jarraitu beharreko urratsak finkatu dituzte orain Eusport eta herriko elkarteek. Modu horretan, denboraldi hau amaitu bitartean eta 2019an, barne mailan, komunikazioan eta zuzendaritzan lan egiten jarraitzea proposatu dute. Zuzendaritzen estrategian euskara barneratua dutela ondorioztatu da ikerketan eta egoera osasuntsua komunikazioaren bitartez balorean jartzea garrantzitsutzat jotzen dute. Indar berezia egingo dute, modu horretan, entrenatzaileen formakuntzan titulazioak euskaraz jaso-tzeko aukera izan dezaten.

Helburu nagusia kirol elkarteen egunerokoan euskararen presentzia areagotzea izango da eta hori balorean jartzeko bikaintasunerantz bideratuko dira ahaleginak, euskararen presentziaren, erabileraren eta hizkun-tza kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu eta aitortzen duen Bikain ziurtagiria lortzeko asmoz. Bestalde, beste hainbat helburu ere badituzte: komunikazioan euskarak duen egoera osasuntsua mantentzea, barne mailan duen presentzia ertain-altua mantentzea, Udala eta kirol elkarteen arteko egungo koordinazioa mantentzea, kirol elkarteek eskain-tzen duten formakuntza espezializatuan kalitatea hobetzea, formakun-tza euskaraz eskaintzea eta sentsibilizazioan eta hizkuntza ohituren aldaketan eragitea.

Eusport enpresa bitartekari moduan BKL eta Beasaingo Kirol Elkartearekin euskararen erabilera indartu eta hizkuntzaren erabileraren garran-tziaz herritarrak jabetzeko programa jarri zuen abian. Herrian saskibaloia eta futbola dira gehien praktikatzen diren kirolak eta irismena eta emai-tza ahalik eta handiena izan dadin, bi elkarte horiekin ibili dira lankidetzan. Bi kirol elkarteen artean ia mila haur eta gazte biltzen dituzte baina hauekin lotura zuzena duten herritarren sarea bikoiztu edo hirukoiztu egiten da. Hala, txertatu nahi den euskara programa berriak irismen handia du.