Errenteria - Nondik dator ‘Errenteriako Emakumeen Aztarnak’ erakusketa?

-Errenteriako Berdintasun Kontseiluak bultzatutako liburu batetik dator. Mariasun Landa Saria literatur lehiaketatik bazituzten hainbat testu interesgarriak iruditzen zitzaizkienak publikatzeko eta proposatu ziguten nire taldeko jendeari liburuaren koordinazioa eramatea eta niri ilustrazioak egitea. Liburua publikatu da eta bertan dauden ilustrazioak erakusketan ikus daitezke.

Zer nolako irudiak ikus daitezke Xenpelar Etxean?

-Mariasun Landa Sariak egin ziren Errenteriako emakumeen eta emakume esanguratsuen bizitza ezagu-tzera emateko. Liburu horretan 23 testu daude, herriko 23 emakumeren bizipenak kontatzen dira bertan. Eta idatzi horietatik abiatuta eta idazleek beraiek gehitutako argazkiez baliatuz nik egin dut ilustratzaile lana.

Bada al zenuen aurretik Errenteriako Udalarekin harremanik?

- Aurretik banuen harreman Errenteriako Udalarekin hainbat liburu ilustratu nituelako. Proiektu hau aurrera eramatea erabaki zutenean nigan pentsatu zuten eta nik onartu egin nuen. Udatik hona egindako lana izan da.

Zein prozesu jarraitzen duzu ilustrazio bat egiteko?

-Margotzen hasten naiz, asko margotzen dut eta gero marrazki hori ordenagailuan lantzen dut: fondoa jartzen diot... eta collage bat egiten dut. Nire lanaren bilakaera erakusketan ere ikus daiteke hainbat marrazkirekin.

Noiz hasi zinen lanean ilustraziogintzan? Argi izan zenuen hasieratik hori zela zure bidea?

-2000. urtean bukatu nituen Arte Ederreko ikasketak eta bukatu nituenetik beti sorkuntzan ibili naiz lanean gauza ezberdinetan. Egia esan, ilustraziogintzara pixka bat kasualitatez iritsi nintzen, baina esan daiteke 17 urte daramatzatela honetan lanean.

Ibilbidea luzea egin duzu ia bi hamarkada hauetan.

- Bai, ilustraziogintzan nabil eta sormen tailerrak ematen dizkiet haurrei eta helduei; antzerkian ere ibili naiz, badaukagu talde bat eta arropak ere egiten ditut gure talderako eta beste talde batzuentzat ere. Esan daiteke sormenaz inguraturik egin ditudala urte guzti hauek eta ilustrazioa beti egon dela presente, urte batzuetan gehiago beste batzuetan baino, sartu diren lanen arabera.

Azkenaldian lan asko egin duzu esparru horretan.

-Azkenaldian asko egitea baino, egin beharreko lanak marrazki asko zituzten lanak izan dira. Ez dira liburu motzak izan, liburu potoloak izan dira testu dexenterekin eta ilustrazio asko egitea eskatu dutenak eta horrek inplikatzen dituen ordu guztiekin. Urtero daukat zeozer. Ez badute kanpotik ezer proposatzen, zuk ere zure gauza propioak sortzeko aprobetxatzen duzu.

Zerk erakartzen zaitu ilustraziogintzatik?

-Niretzat gauzak kontatzeko beste modu bat da; azkenean hitzetan dagoen zerbait beste modu batean espresatzea da eta nik egiten dakidana da. Nik nahiko banu ere, ezingo nuke idatzi, marrazkia nire espresa-tzeko modua da eta kasu honetan emakume horiei buruz hitz egiteko nire modua. Ilustraziogintza zabala da, izan daiteke liburu bat ilustratzea edo kartel bat egitea.

lustrazioak liburuaren testua laguntzen du?

-Denetarik izan daiteke. Ohituta gaude esaten lagundu egiten duela, baina nire ustez liburu bat bi elementuk osatzen dute: hitzak eta ilustrazioak, eta niretzako batera doaz. Zer etortzen den lehenengo, horrek egin dezake baten alde. Kasu honetan nik ez nituen ilustrazio hauek sortuko testu horiek ez baziren existitu eta pertsona haien bizitzak ez baziren existitu.

Erakusketak nolako harrera izan du igaro diren egunetan?

-Pozik nago, esan didatenez jende dexente etortzen ari da eta pozgarria da zure lana gainontzekoek ikustea. Badakizu liburu bat egiten duzunean jendeari iristen zaiola, baina ilustrazio horiek bi astez areto batean badaude, zure lanaeta liburua jendearengana iristeko modu bat da. Agian liburua batzuk ez zuten ezagutzen eta erakusketaren bitartez ezagutu dezakete.