Hilabeteak pasa ziren eta ez zuten elkarren berri izan baina, “bat batean mezu bat jaso nuen” eta “Zarautzera etortzeko nahia agertu zidan Van Der Natek”, esan du Lore Garciak. “Halaxe da, urte sabatikoa hartu eta Zarautzera etorri nintzen bizitzera, urte erdiz”, aitortu du holandarrak. “Nire emaztea eta bi seme-alabek lagundu ninduten eta bertako ohitura eta hizkuntza ikasi genituen”, gehitu du. “Oso aberasgarria iruditu zi-tzaidan Euskal Herrira etorri eta bertan, Holandan bezala hizkun-tzarekin gertatzen dena ikustea eta horretarako aukera ikasleei ematea”, jakinarazi du Van Der Nat holandarrak.

Kuriositate horretatik abiatuta Van Der Nat Zarautzen zen bitartean idatzi zuten proiektua Lore Garcia eta biek. Europako komisiora aurkeztu zuten eta bi urteetako proiektua onartu zieten.”Lanean jardun gara denbora luzez eta pena merezi izan du ez baitute aukera hau ikastetxe guztiek izaten. Gipuzkoan, esaterako lau edo bost eskola dira Erasmus+ hitzarmena dutenak”, aipatu du Garciak. “Bi urteetarako proiektua da izatez, baina luzaroan irautea espero dugu”, esan du barrez Van Der Natek.

Elebitasuna oinarri

Bat, bi, three izena jarri diote beraien proiektuari eta helburua, “elebitasunaren arteko bi errealitateak aztertzea da, Holanda eta Euskal Herrikoak, hain zuzen”, gaineratu du Garciak.

Horrez gain, kulturari ere garrantzi handia eman diote eta “museoak eta beste hainbat gauza” ere bisitatzeko aukera eskaini zaie ikasleei.

Zarauzko Antoniano ikastetxeko 16 eta 17 urte bitarteko 30 ikasle otsaileko lehenengo astean izan dira Holandako Leiden hirian. Bertan Anne Franken etxea bisitatu eta elebitasunaren inguruko hainbat taldeko lan egin eta partekatu zitu-zten.

“Niretzat izugarrizko esperien-tzia ona izan da. Familiak oso atseginak izan ziren. Beste kultura ba-tzuk ezagutzeko aukera izan zuten ikasleek eta han oso mimatuak sentitu ziren”, adierazi du Amaia Gereta Antoniano ikastetxeko irakasleak.

Antoniano ikastetxeko ikasleak diren eta proiektu honetan parte hartu duten Kimetz Oliden eta Laida Iraolak ere gauza bera azpimarratu dute: “Oso esperientzia ona iruditu zaigu. Familia guztiak oso jatorrak izan dira eta asko ikasi dugu, bai elebitasunaren aldetik eta baita kultura aldetik ere”. “Elebitasuna errealitate bat dela ikusi dugu. Ikastetxeetan, lagun artean eta familian, esaterako”, jarraitu dute.

Orain, “esperientzia aberasgarri” honen bigarren zatia bizitzeko momentua iritsi zaie. Izan ere, igandean iritsi ziren Holandako Leide hiriko 30 ikasle Zarautzera. Malekoi aldean eguna pasa ondoren, atzo ekin zioten lehenengo jarduerak egiteari.

“Bideo bat egin dugu Holandako eta Euskal Herriko hizkuntzen errealitatearekin. Guk, euskara eta gaztelania erabiltzen dugu, batik bat eta Holandan, berriz, ingelesa eta holandesa erabiltzen dute. Hortik abiatuta, hizkuntzen erabilerari erreparatu diegu eta ondorio batzuetara ere iritsi gara”, aipatu dute ikasleek. Arratsaldean, herrian barrena ibili ziren “monumentuekin argazkiak ateratzen”.

Gaur, BCBL eleniztasunaren inguruko ikerketen berri emango diete ikerlariek eta zentrua bisitatuko dute bertako lana ezagutzeko. Ondoren, Donostian zehar ibiliko dira “txokoak ezagutzen”.

Hurrengo egunetan, besteak beste, Gaztelugatxe, Gernikako pakearen museoa, Getaria eta Balenciaga museoa, ezagutzeko aukera izango dute baita eskolako proiektuaren inguruko jarduerak egiteko ere. Esaterako, “abesti trukea egingo dute holanderaz eta euskaraz”, jakinarazi du Garciak.

“Opari bat da aukera hau eduki-tzea”, ziurtatu dute denek eta etorkizunean topaketa honekin jarraitzea “polita” izango litzakeela aitortu dute. Orain, ordea, “Euskal Herriko elebitasunaz eta kulturaz gozatzeko txanda da”.

Urola Kosta