arantza - Larunbat honetan, apirilak 6, laugarren aldiz, Trikitixa Jaialdia eginen dute Arantzan. Larunbatean 16.30etik aitzinera, herriko trikitilari eta panderojoleez gain, Berako Irats Trikitixa Eskola eta Isidoro Fagoaga Musika Eskola, Aurtizko Mendaur Trikitixa Eskola eta Lesaka Trikitixa Eskolakoek euren emanaldia eskainiko dute frontoian. Lezoko dantzariak ere gonbidatu dituzte eta beraien abilidadeak erakusteko aukera izanen dute bildutakoek.

Sarrera bortz euro ordaindu beharko da eta 12 urtez beheitikoek dohainik izanen dute. Gainerakoan, parte-hartzaileek oroigarri bana jasoko dute eta publikoaren artean zozketak eginen dituzte. Guraso Elkarteak, bere aldetik, opilak eskainiko ditu. Urtero urtero jaialdiarekin batera egiten diren omenaldiaren tartean, berriz, aurten herriko elkarteak omenduko ditu Udaleko Kultura Batzordeak. Aitzineko urteetan, Gregorio Mitxelena soinularia, Pantaleon Errandonea eta herriko ttunttunlariak omendu dituzte.

Korrika eta Bertsolaritza Korrika Ttikia eginen da gaur Arantzan. 16.30ean hasita. Eskolako haurrez gain, Pelle-Ttikikoek, Ekaitza Elkartekoek, Guraso Elkartekoek, Zahar Txokok eta komertzioek parte hartuko dute.Korrika Ttikiaren ondotik, 14-18 urteko gazteeen Nafarroako eskolarteko bertsolari txapelketa izanen da, 18.30ean eskolan, doako sarrerarekin. Bat-bateko saioa izanen da. Ondoren, merendua izanen da, bai eta parte hartzaileentzako egonaldia ere, Arantzako aterpetxean bertan.

Amaia Lasheras (Barañain), Ane Telletxea (Lesaka), Beñat Astiz (Barañain), Bittori Elizalde (Iruñea), Ekain Alegre (Altsasu), Ekhiñe Zapiain (Bera), Enma Murillo (Barañain), Etxahun Azkarraga (Etxalar), Idurre Villanueva (Barañain), Iratxe Muxika (Lesaka), Lide Arrieta (Iruñea), Olatz Bados (Altsasu), Uxue Mesa (Lesaka), Xabat Illarregi (Leitza) eta Zuhara Zaratiegi (Barañain) dira Nafarroako eskolarteko txapelketako 33. edizioan kantatuko duten hamabost bertsolariak.

Josu Sanjurjok aurkeztuko du saioa eta Saioa Mitxelena, Julen Zelaieta eta Amaia Telletxea izanen dira saioko epaileak.

Akordeoilarien Topaketa Apirilaren 13an, berriz, akordeoilarien gune izanen da Arantza. Nafarroako Akordeoilarien Topaketa eginen da eta 100-130 akordeoilari bilduko dira. 11.00etan plazan bilduko dira eta alkateak harrera eginen die. Akordeoilariek fandango zahar bat eskainiko dute.

Herriko Etxeak eskainitako hamaiketakoaren ondotik, herriko itzuliari hasiera emanen diote, akordeoilari elkarteari izena ematen dion eta Juanjo Tomasena zenak sortu zuen Akordeoiana piezarekin. Herriko karriketan ibiliko dira eta Goiko Karrikako ostatuetan akabaila emanen diote itzuliari. Bazkaria Aterpean izanen dute eta arratsaldez, hainbat kanta jotzeko parada izanen dute.