azkoitia - Azkoitiarrak gaur bertan murgilduko dira datorren asteazkenera arte luzatuko diren Floreagako jaietan. Urtero legez, adin guztietako herritarrentzako ekintza ugari izango dira auzoan.

Festak abiatzeko txupinazoa botako dute 19.00etan eta horren ondoren Mus txapelketa (22.00etan Floreaga tabernan) eta DJ Kanutoren emanaldia (22.00etan txoznan) egongo dira.

Biharko egitaraua bolo txapelketekin hasiko da (11.30ean 15 urtetik beherakoentzat eta 12.30ean helduentzat). Arratsaldean eskoba txapelketa egongo da (17.00etan tabernan) eta gauean Izer eta Alabier trikitilariek girotuko duten afaria (prezioa 25 eurokoa da eta izena 943 083 854 telefono zenbakira deituta eman daiteke) eta gazte gaua (22.00etan txoznan).

Igandean auzoan hildakoen aldeko meza (09.30ean Floreagako kapilan), VI. Patata Tortilla lehiaketa (11.00etan), trikipoteoa (12.00etan), puzgarriak eta apar festa (15.00etan) eta buruhandiak (18.00etan) izango dira.

Astelehenean atsedena hartu ondoren, Floreagako jaiek asteartean jarraituko dute. Egun horretan, trikitilariek girotutako bertso afaria eta gazte gaua izango dira.

Festak borobiltzeko Gurutzetxoko krosa, trikitilariekin bazkaria, zezenak, poniak eta buruhandiak egongo dira asteazkenean. - J.L.