Maiatz akaberan, ohi denez, ekitaldiak nonahi. Denetarikoak. Aurten, gainera, Osasunaren ospakizun jendetsuak izan ditugu. Oraindik ez da itzali Jagobaren bertsoak sortutako oihartzuna. Zenbaitek ez diote barkatuko, taldea lehen mailara igoagatik ere, eta hasia da haren aurkako ekinaldia; isila oraingoz, baina hasia da. Ekitaldiek atzo larunbatez jo zuten goia, Alde Zaharraren Eguna ospatu baitzen. Hortaz landara, liburu azoka Gazteluko plazan, tonbolaren inaugurazioa Sarasaten, eta haratago, hiriburuaren mugetan, gorritxoen partida Sadarren. Futbol-zelaiak mugakide duen Navarra Arenan, berriz, rock jaialdiaren alimaleko arrakasta, arratsalde eta gau osoan. Makina bat gauza gogoaren entretenigarri, baina, hala ere, inola ere ezin burutik kendu gaurko eguna, ezta Aranzadiko zerrendaburuak lehengoan errandakoa ere: “bazkide fidagarriak izanen gara”. To eta no! Esaldi horri halako aitorpen kutsu bat dario: ez gara fidagarriak izan, ez dugu leial jokatu, ez gara fidel izan. Hortaz, zer dela-eta aurkeztu dira? Bigarren aukera eskatzen ari zaizkio jendeari, eta sektore horretako hautesleek bigarren aukera ematen badiete, oraingo honetan aldaketa “ausart” eta “eraldatzailea” bultzatuko dutela agindu dute. Azken urte eta erdian, ordea, eskuinaren eskumakila izan dira, eta udal gobernuan aritutakoak zafratzea bertze asmorik ez dute izan. Haien txio bakoitza zartako latza izan baita udal gobernuaren aurka; egurra eta egurra, alkatearen aurka, bereziki. Sektore horretako boto-emaileek iritzi beharko diote fida-tzekoak diren ala ez; hori gaurko egun hau bukatu baino lehen jakinen dugu. Eta jakin ere Aranzadik eta enparauek eragindako zatiketaren ondorioz “betikoak” itzuliko diren edo, zatiketen gainetik, botoa barreiatu ez, eta duela lau urte abiarazitako bideak hiriburuan ere aitzina eginen ote duen.