ormaiztegi - Gure herri eta inguruetan badira beldurrak albo batera utzi eta proiektu eta erronka berrietan murgiltzen direnak, eta baita ere eskuak eta imajinazioa bakarrik erabilita izugarrizko gauzak sortzea lortzen dutenak ere. Abilezia, esfortzu eta lanaren emaitza, dudarik gabe. Ormaiztegin ere badaude halako sortzaileak eta gaur eguerdian herriko artisau eta ekin-tzaileek egiten duten lanaren emai-tza ikusteko aukera izango da, Bertako artisau eta ekintzaileen IV. azokan.

12.00etan zabalduko ditu ateak azokak eta 14.30ak aldera itxiko dela aurreikusten da. Bi ordu eta erdi denbora gutxi dela pentsa badezake ere norbaitek, aski da elizako aterpean jarriko dituzten artisautza lan ugariez jabetzeko. Ikusteko ez ezik, erosteko nahia duenak ere asetu ahalko du, izan ere, hainbat produktu salmentan jarriko dituzte gaurkoan. Zer aurkitu daiteke, ordea, halako azoka batean? Besteak beste, margolanak, teknika desberdinekin eskuz sortutako bitxiak eta osagarriak, puntuz zein gantxiloz egindako lanak, egurrezko taila erabilitako hainbat eta hainbat artelan eta ontzi, garai bateko eta gaurko argazkiak, larruz egindako poltsak, apaingarri zein karterak edota goma evaz egindako panpinak ere aurkituko ditu Ormaiztegira hurbiltzen denak. Aukera zabala gerturatzen direnek herrian dagoen sormen eta lan maila balioan jarri eta ikusteko.

Aurtengoan ondorengo ekintzaile eta artisauek hartuko dute parte azokan: Jon Zumalakarregi, Kontxi Simon KS Artpaper, Gure Magra Perez, Belen Iza, Maider Encueros-Larrutan, Angel Elorza Beitia, Nerea Magallanes, Iñigo Borde Lasa eta Juan Zufiriak.

Ormaiztegiko Udalak antolatzen duen ekintza da eta azken zortzi urteetan egin den ekitaldia, gainera. Ekain Kulturala programaren barnean kokatzen da azoka hau, eta hilabetean zehar beste hainbat ekintza ere egingo dituzte. Hala, Udalak ormaiztegiarrak nahiz inguruko herrietako herritarrak bertara hurbiltzera animatzen ditu, bertatik-bertarako ekintzaileak ezagu-tzeko aukera paregabea delako eta etxerako edota lagun nahiz familiartekoentzako opari bitxiak aurkitzeko aukera ere eskainiko delako, bertakoek egindako produktuen balioari bultzada emanez.