Atez ateko bilketa, bosgarren edukiontzia... Berdin da zein den erabiltzen den sistema, helburua birziklatzea da. Gure herri eta hirietako kaleetan daude jarrita hainbat edukiontzi, koloreetan banatuta eta horietako bakoitzera gauza zehatz batzuk bota daitezke. Hori ez da gauza berria. Bai, ordea, herritarrok jakitea zein izaten den bertara botatzen dugunarekin egiten dena, zertarako balio duen. Organikoaren kasuan, edukiontzi marroian biltzen dute eta ez pentsa herritarrok botatakoa jaso ondoren guztia beste elementu batzuekin nahasten denik, ez. Bigarren bizia ematen diote. Sasieta Mankomunitateak, ildoari jarraituz, Kalitatezko konposta zuri esker kontzientzia kanpaina berria egingo du ekainean zehar. Hala, hilabete honetan mankomunitateko kide diren 23 udalerrietatik 14etan karpa txiki bat jarriko du Gipuzkoan gaika bildutako materia organikoa bildu ondoren sortzen duten konpostaren inguruko informazioa zabaltzeko. Ez hori bakarrik, doan ere banatuko baitie gerturatzen diren guztiei.

“Egun, gaikako bilketan %76ra iristen da eta gure helburua %80ko indizera iristea da. Horrez gain, bildutako materialaren kalitatea hobetzea ere lortu nahi dugu”, nabarmendu du Sasietako Iñaki Erauskin arduradunak. Azken adierazpenean indarra jarri du, ehunekoa igotzeaz gain bereizten den materiala ondo banatuta egotea lortu nahi da, gehienez ere %5a izanez desegoki botatakoa. “Ez dugu nahi %5 hori gainditzerik”, azaldu du. Portzentaia ez da altua, baina Sasietako ordezkarien ustetan guztiok egin beharreko esfortzua da zenbaki horietara iritsi ahal izateko ahalik eta azkarren. “Oso garrantzi-tsua da kalitatea zirkulua ixteko, bai ontzi arin, papera, kartoia baita organikoaren kasuan ere. Hori da ekonomia zirkularraren erronka handiena: bildutako materiala behar bezala bereiztuta egotea da zirkularidadearen giltzarria.

Nahiz eta barneratuta dugun zer nora bota, akatsak guztiok egiten ditugu. “Akats nabarmenenak identifikatuta ditugu. Esaterako, organikoa biltzerakoan plastiko poltsak erabiltzea da bat, ahaztu delako, amaitu direlako... eta azkenean plastikozko poltsak jartzen ditugu zaborrontzi modura etxean. Horrez gain, pixoihalak ere agertzen dira organikoaren edukiontzietan eta iraungi diren janariak bere horretan bota-tzen dira, hau da, banaketarik egin gabe. Gogorarazi nahi dugu organikoa iraungita badago ere banatu egin behar dela, jatekoa organikora botaz eta plastikoa edukiontzi horira”, azaldu du Iñaki Erauskin, Sasieta Mankomunitateko arduraduna.

herriz herri Ekainaren 28an amaituko dute kanpaina berri hau. Astelehenarekin hasi zen, Ataunen, eta jende ugari hurbildu zen jarri zuten postura. Inguratu zirenek konpostaz betetako poltsa bana jaso zuten, ondoren organikoa biltzeko erabili daitekeena, eta ekintza honetarako sortu dituzten 8.000 diptikoetako aleak ere banatu zituzten. Bertan konposta nola erabili azaldu zuten, adibide praktikoez baliatuz.

Hala banatu dituzte ondorengo egunetarako egitaraua: atzo eta gaur Ordizian, Foruen pasealekuko lehen zenbakian. Bihar, berriz, Idiazabalgo plazan izango dira eta 7 eta 10ean Lazkaoren txanda izango da. Ekainaren 11 eta 12an Urola Garaian izango dira, Zumarragan, Euskadi Plazan eta Kalebarren plazan, hurrenez hurren. Ekainaren 13an, aldiz, Legorretako plazan eta 14an Olaberriako San Joan plazan oparituko dute konposta. Beasainen ere izango dira, hilaren 17 eta 18an, Gernikako pasealekuan. Berriz ere gora aldera igo eta Urretxuko Areizaga plazan ekainaren 19 eta 20an izango dira kanpainaren berri ematen. 21ean Ormaiztegiko plazan, 22an Zaldibiakoan, 25an Zegamako Jose Maiora plazan, 26an Segurako aparkalekuan eta kanpainaren amaiera Legazpin emango diote, Kale Nagusian, 27 eta 28an. Egun horietan guztietan arratsaldez egongo dira informazioa eta konposta banatzen, 16.00etatik 20.00etara bitartean.

Bestalde, badira mankomunitateko kideak diren herriak baina egutegiaren barnean ez daudenak. Altzaga, Arama, Ezkio, Gabiria, Itsaso, Itsasondo, Mutiloa eta Zeraingo bizilagunek Beasaingo eta Ordiziako garbigunetan jaso ahal izango dute konposta hilabete osoan zehar, edozein egunetan.

Jarriko dituzten postuetara gerturatu eta organikoaren edukiontzia zabaltzeko txartela erakustearekin nahikoa izango da. Ordainetan, gutxi gorabehera lau kiloko konposta jasoko dute. Baina ez hori bakarrik, izan ere, kanpaina bukaeran egingo den 20 saskiren zozketan parte hartu ahal izango dute. Gipuzkoako konpostarekin egindako zenbait produktu egongo dira bertan. Zehazki, konposta erabilita sortu edo eratorri diren produktuak, hala nola sagardoa, zainzuriak eta olioa. Gomendioen arabera, %20 konposta nahastu behar da lurrarekin eta prest izango litzateke erabiltzeko.

badu irteera Berrerabilpenak onurak bakarrik ekartzen ditu. “Geroz eta gehiago erabiltzen da konposta. Esaterako, Zubietako futbol zelaian dagoeneko erabiltzen da eta Ipuruan ere bai. Basozabal golf zelaian, sagardotegietan sagarrondoak ontzeko eta Errioxako sagasti askotan ere bai”, gehitu du Erauskinek. Bestalde, norberak ere etxeko lore eta arbolentzako ongarri moduan erabili ahal izango du konposta, eta ziurrenik hau izango da ekainean banatuko den konpostari gehien emango zaion irteera. Atzo bertan, Ordizian asko gerturatu ziren postura eta Maria Zubeldia eta Miren Otaegiren kasua da aipatutakoa: “Etxeko loreentzat hartu dut”, azaldu zuen bizilagunak. Konpostaren kalitatea ez da nolanahikoa izango, kalitate mailarik altuena du, A motatakoa. Hala, kanpaina honekin kontzientziazioa bultzatu eta organikoaren bigarren biziaren inguruko nondik norakoak zabalduko dituzte hilabete osoan. Ondo birziklatzeak ematen du emaitza.