Zumaia - Oier Aranzabal eta Mikel Unzurrunzaga Makalak aurreko urtean sortu zen Adarretatik ekimenaren bigarren edizioa aurkeztu dute. Iaz mahaira ateratako helburuak betetzat eman dituzte Enbor Akzio Kulturaleko kideek, eta hala, “ikasitakoak kontuan hartuta”, indartsu heldu diote bigarren urte honi.

Hala, aurreko urteko moduan, “kultura eta bereziki euskal kultura erdigunean jartzen duen jaialdia prestatu dugu aurtengorako”, esan zuen Oier Aranzabalek.

“Sorreran ezarritako helburu berdinekin jarraitzen dugu”, gehitu zuen Aranzabalek: “Aniztasunaren alde egingo dugu lan eta udan Zarautzen kultura erdigunean jarriko duen plaza izatea lortu nahi dugu”.

“Euskal kulturari zentralitatea aitortzea” dute helburu antolatzaileek, beti ere, nazioarteko testuinguruaren baitan.

Hiru egunetan zortzi proposamen jarriko dituzte herritarren gozamenerako. “Lehengo urtean baino gutxiago diren arren, kalitate berdineko edo handiagoko festibala izango da”, jakinarazi zuten antolatzaileek.

Gainera, aurtengoan, jazz musikak pisu handia izango duela ziurtatu zuen Makalak eta eserita ikusteko emanaldiak izango direla.

HIRU GUNE Aurreko edizioan bezala, kontzertuak hiru gune ezberdinetan izango dira: Frontoi txikian, Berazan eta Borghettonen. “Musika plazan kontzerturik ez ematea erabaki dugu, soinu akustiko asko baitago bertan, eta arazoak ekarri zizkigun horrek, aurreko urtean”, azaldu zuen Makalak.

Jaialdiak uztailaren 19tik 21era iraungo du. Uztailaren 19an, ostirala, txiringitoan izango da lehenengo emanaldia, No Land Trio-ren eskutik. Egun berdinean, Ruper Ordorikak hartuko du Frontoi Txikia, eta gaueko agertokia itsas pasealekua izango da: Sociedad Recreativa eta DJ Maga igoko dira oholtzara.

Uztailaren 20an, larunbata, Joseba Irazoki eta Lagunak arituko dira Frontoi Txikin, eta itsas pasealekuan cumbia doinuak izango dira nagusi, Kumbia Boruka taldearen eskutik. Jarraian, Sr. Lobezno arduratuko da gaua girotzeaz; binilozko diskoekin aritzen da, “musika beltza” delakoa ardatz hartuta.

Azkenik, uztailaren 21ean, igandea, Antonio Lizana saxojole eta abeslariaren txanda izango da. Itsas pasealekuan ospatuko da kontzertua.

Herritarrak euskal kulturaz goza-tzera gonbidatu nahi dituzte, “maila altuko musika entzungo baita kaleetan”.

Eguraldiak laguntzen ez badu, ekitaldiak lekuz aldatuko direla aurreratu dute, baina hori eguna iritsi bezain pronto zehaztuko dute.