Beasain - Atzo eguerdian banatu ziren Beasaingo Igartza Jauregian Goiekik antolatzen duen Enpresa Ekimeneko sariak. Bertan, Jon Aramendiak eskuratu zuen lehen saria.

‘Enpresa ekimen berriko proiektu onenaren saria’ jaso duzu sortu duzun Dataola enpresarekin. Zertan datza?

-Proiektua duela urtebete hasi nuen eta datuak sortzeko makinak, instalazioak, dispositiboak egingo dituen enpresa bat da. Dagoeneko 22 urte daramatzat elektronika arloan lanean eta eboluzioa ikusten da, dena sentsorizatu eta neurtze aldera doala. Hor hutsune bat ikusten nuen, izan ere, enpresa askok hitz egiten dute inteligentzia artifizialaren inguruan baina horren oinarria datuak dira eta zerbait behar da datu horiek lortzeko. Kasu batzuetan komertzialak egoten dira, norbait behar izaten da; baina beste batzuetan zerotik garatu beharra dago. Hori garatzeko makina bat behar izaten da, alegia, adibidez, sute baten aurrean elementu baten jokaera aztertu nahi baduzu sute bat simulatu beharra dago hori ikusteko.

Datu asko jasotzen dira egun ere.

-Bai, asko erraztu da eta etorkizunean are errazagoa izango da. Egun guztiok dugu ordenagailu bat abiadura handian konektatu daitekeena eta geroz eta errazagoa da. Egun 5G-az hitz egiten da, baina beste sare batzuk ere garatzen ari dira; adibidez, NBIOT izenekoa. Beste sare bat da, abiadura baxukoa baina iritsiera oso handikoa eta energia kontsumoa ere oso baxua duena. Zertarako? Bateriarekin elikatzen diren sistemak edozein lekutan jarri ahal izateko. Horrez gain, beste erreboluzio bat izango dena hemendik urte ba-tzuetara sateliteko transmisio kostuak asko jaitsiko direla izango da. Beraz, datuen transmisio hori egitea asko erraztuko dute.

Zein funtzionalitate izan dezake Dataolak, zein datu eskuratu ahalko dira?

-Bezeroak nahi duena. Hala nola, garabi baten funtzionamenduan ikus daiteke errazago. Ikusi ahalko dugu garabiak zenbat pisu altxatu duen denbora zehatz batean, zenbat aldiz, zein abiaduratan, zenbat ordutan egon den martxan... pentsa, garabi horrek 200 altxaldi egin ostean mantenua jaso behar badu, hori guztia kontrolatu daiteke eta abisatu ahalko zaie arduradunei mantenua egiteko. Edo tenperaturarekin, imajinatu neurketa baten ondoren jakin dezakegula tenperatura handia egiten duenean makina batek fabrika-tzen dituen piezak ez direla onak aterako. Ba egun horretan bero handia egin behar badu esan daiteke goizeko 11.00etatik aurrera produkzioa gelditzeko, akatsa duten piezak aterako direlako.

Hau da, Dataolari esker efizien-tzian irabazi dezakete enpresek.

-Bai, hori da. Helburua da ezagutza handitzea fabrikatzen dugun produktu edo instalazio baten inguruan. Aurreikusteko modu bat da, ondoren eragiteko. Sistemak sortzen ditut datu horiek jaso, garraiatu eta datu base batean biltzeko.

Zuk bakarrik sortu duzu. Aurrera begira zein da asmoa?

-Lan taldea handitzea. Hori da aurrera begira eman nahi dudan lehen pausoa.

Lehen saria, esperotakoa izan da?

-Inolaz ere ez nuen espero. Egia esan asko poztu nau, sorpresa handia izan da. 6.000 euroko saria lortu dut eta horrekin garatzen jarraitu nahi dut, egin beharreko inbertsioak eginez.

Mendi bat. Aizkorri, dudarik gabe. Azkenean zegamarra izanda, azpian jaio nintzelako.

Hondartza bat. Oriokoa, badut ohitura bertara joateko.

Paisaia bat. Zegama bidean Aizkorriko mendilerroa ikusten den momentua. Alpeak dirudite.

Festa edo ekitaldi bat. Gaur egun Tolosan bizi naiz eta bertako Karnabalak.

Txoko gustokoena. Zegamako Goialdea auzoan dugun baserria. Otzaurtera bidean dago eta bertara joaten naizen bakoitzean oso gustura egoten naiz.

G

ipuzkoatzen