zerain - Otsailean zabaldu zuen Beñat Zubeldia psikologo zeraindarrak Zualbe zentroa. Jendearen ongizate emozionala lantzen du bertan, emozioak oinarri izanik.

Psikologia ikasi duzu baina ondoren sakontzen segi duzu.

-Bai, psikologia ikasi nuen eta ondoren bioneuroemozioak lantzeko ikasketak egin ditut.

Zer da bioneuroemozioa?

-Enric Corberá kataluniarra da alor honen lanketaren sortzailea eta horren berri izan nuenean segituan barrenak mugitu zizkidan. Finean, gaixotasunen alderdi emozionalean sakontzen da, sentitzen eta pentsa-tzen dugunak nola eragiten duen gaixotasunetan.

Badu eraginik?

-Gaur egun kanpoko faktoreetan bakarrik jartzen da begia eta ez da sakontzen, ez da joaten jatorrira. Gaixotasun bat multifaktoriala izaten da, eta faktore horietako bat emozioa da. Niretzako faktore garrantzitsuena da eta horrek duen eragina aztertzea beharrezkoa dela deritzot. Aldiz, egun alderdi horri kasurik ez egitea oso larria dela iruditzen zait.

Eragin hori neurtzea, ordea, zaila da.

-Bai, dudarik gabe. Nola neurtu daiteke emozioen eragina zientifikoki? Aukera balego errazagoa izango li-tzateke, baina oraindik ibilbide handia dugu aurretik. Emozioak konstrukzio biologikoak dira eta horrek sortu duen prozesu biologikoak gainontzeko organoengan eragina du, zalantzarik gabe. Gorputza eta burua elkarrekin doaz, emozioak ez dira buruan gelditzen. Azkenean, dena ez da razionala eta gure emozioek erabakiak hartzera eramaten gaituzte eta horien arabera erreakzionatzen dugu askotan.

Emozioekin lan egiten duzu eta gaixotasunetan izan dezaketen eragina aztertu. Posiblea da, zure ustez, emozio batzuek gaixotasunak sortzea?

-Bai, azkenean emozioei erantzuna ematen die nerbio sistemak. Normalean ez da ausaz sortzen gaixotasun bat, atzean zer dagoen aztertu beharra dago. Gorputzak zu sentitzen ari zarenari erantzuna ematen dio, eta zenbaitetan gaixotasun moduan agertzen da erantzun hori. Horregatik diot ezinbestekoa dela emozioak aztertzea eta lantzea, gaixotasunei aurre egiteko balio dezake eta.

Eta hori nola egin daiteke?

-Muinera, sustraiera joanez. Hiru eremu lantzen dira bioneurozien-tzian. Batetik, transgenerazioa, hau da, aurreko belaunaldietan eman diren gertakariak: isiltasunak, sekretuak, bortxaketak, hilketak... gertaera gogor horiek shock egoera bat sor izan dezakete eta egungo belaunaldiek jaso informazio hori. Bigarren atala zentzu egitasmoa da. Amaren sabelean zaudenean amaren sentimendu, pentsamendu, egoerak... nola eragiten duen fetoan. Azkenik, bizitza kontenporaneoa dago, jaio ondorengoa. Horiek aztertu behar dira eta ikusi nondik etorri daitekeen gaixotasunaren jatorria; ondoren, hura aztertu eta landu, aurrera egin ahal izateko.

Emozioak lantzea behar beharrezkoa da, beraz. Baina zientzian ere sinesten duzu?

-Bai, bai, zalantzarik gabe. Hau ez dator ezer ordezkatzera edo bazter-tzera, nik uste gehitu egiten duela. Zientzian aurkitzen ditugun hutsuneak betetzera dator, eta zerbait integratzailea da emozioak lantzea.

Eta norberak baditugu beharrezko erremintak gaixotasun horiei aurre egiteko?

-Baliabide guztiak gure barnean ditugu, baina horiek bideratzen jakitean dago gakoa; aztertzea nondik datorren gatazka horri aurre egin ahal izateko.

Minari, ordea, ihes egiten diogu askotan.

-Bizirauteko joera da, azkenean, mina ekidin egin nahi dugu, defentsa bat da. Baina gatazka konpondu ezean ez dugu aurrera egingo.

Nolatan sakondu zenuen gai honetan?

-Praktikak Goiz Alzheimerren egin nituen, Beasainen. Orduan ere ikusten nuen biokimikoki garunean gertatzen dena aztertzen dela, baina alderdi emozionala ez dela lantzen. Galdetu behar duguna da ea nola iritsi litekeen gorputza oroimen ba-tzuk ahaztera, burmuinetik ezaba-tzera. Fokua barnean jarri behar dugu, pertsona horrek izan duen bizitza aztertu.

Oraingoz zer moduzko harrera izan du zure zerbitzuak?

-Gustura nago jendearen erantzunarekin, balorazio positiboa egiten dut. Modu humanista bat aurkituko dute hemen, eta gaixotasunen edo arazoen jatorrira iristen lagunduko diet, ondoren, lanketa egin ostean, benetako kontzientzia hartzeko garatzen jarraitu ahal izateko.