legazpi - Auzkezpena gaur arratsaldean, 19:00etan, Agirre Etxeberri parkean izango da, Agurtzane eta Ion Elustondo trikitilarien eskutik. Bertan, diskoan parte hartu duten musikariak izango dira: Michel Longaron (bateria eta perkusioak), Amaiur Cajaraville (kontrabaxua), Gurutz Bikuña (gitarra akustikoa), Xabier Zeberio (biolina), Xabier Berasaluze Leturia (panderoa eta kriskitinak), Jose Maria Santiago Motriku (panderoa), Pilar Aresti (irrintziak) eta Estitxu Pinatxo (abeslaria).

Gaurkoa oso kontzertu berezia da Elustondo anai-arrebentzat, herrian joko baitute eta gainera talde formatuan. “Oraindik ez dugu diskoa formatu honetan aurkeztu. Kultur etxetik deitu ziguten eta herrian diskoko musikari guztiekin jotzeko aukera ematea eskertzekoa da. Ilusioa egin zigun”, dio Agurtzanek. “Musikari bikainak dira eta gure artean giro bikaina dugu. Plazera da beraiekin jo-tzea”, gehitu du bere anaiak.

Aurreko diskoa argitaratu zutenean ere talde formatuan aurkezteko aukera eduki zuten. Orduko hartan, Legazpiko Latxartegi parkean jo zuten.

Disko berriak oso harrera ona izan du. “Entzuteko erraza eta polita dela esan digute. Pauso bat eman dugula. Oso gustura gaude”. Musikari dagokionez, doinu alaiak nagusi dira. “16 pieza dira. Hamar kanta soltean dan-tza egitekoak dira, fandangoak eta arin-arinak, eta garai bateko kutsua eman nahi izan diegu. Martin Aginaldek konposatu ditu eta soinuarekin eta panderoarekin bakarrik grabatu ditugu. Beste seiak bandarekin grabatu ditugu. Beti bezala, gure gustuko zerbait egiten saiatu gara. Melodikoa, jendearengana iristeko”, azaldu du Agurtzanek. “Jendeak berehala barneratzen ditu”, esan du Ionek.

Bandarekin grabatutako sei abestiak kanta zaharren bertsioak dira. “Garai bateko trikitilariek jotzen zituzten piezak berreskuratu ditugu. Beraiek orkestrak entzutera joaten eta haiek jotzen zutena buruan gordetzen zuten. Orkestren musika trikitixaren filtrotik pasa-tzen zuten. Guk melodia horiek errespetatu ditugu, baina egitura aldaketak egin ditugu eta hitzak jarri dizkiegu”.

Hamasei kantetatik, zortzik hitzak dituzte. Hiru Nerea Elustondorenak dira (beraien arreba), beste bat Asier Iriondo legazpiarrarena, bi Xabier Amurizarenak eta beste bi Jon Sarasuarenak. Argi dago lagun onak dituztela. “Oso jende onarengana jo dugu eta oso gustura gaude emai-tzarekin. Sarasuak lehenengoz ida-tzi du guretzako. Deitu genionean ilusio handia egin zion. Kanta baten hitzak idaztea eskatu genion eta bi kantenak ida-tzi ditu. Amurizak aurreko diskoan ere gurekin lan egin zuen. Asier, berriz, etxekoa da. Dagoeneko batek baino gehiagok hitzak goraipatu ditu”.

Abestietan gai sozialak, maitasuna, gai intimoak... dituzte hizpide. Baina, zer esan nahi du Bizirik dauden eskuak izenburuak? “Diskoa garai bateko trikitilariei eskaini diegu. Kanta baten izenburua Izozturiko eskuak da. Beraien eskuak izoztu egin ziren, baina beraien kantak guregana iritsi dira eta guk jotzen ditugunean beraien eskuak biziberritu egiten dira”, aipatu du Ionek.

Garai bateko trikitilariak aipatzeaz eta beraien pieza batzuk jotzeaz gain, kantak garai batean jotzen ziren moduan grabatu dituzte: soinu altuarekin.

Udako kontzertuak Udan herri askotan joko dute, baina bikote bezala. “Merkatuak agintzen du. Guk ez genuke inongo arazorik izango taldearekin jotzeko, baina garestiagoa da. Egiten den lanari balioa eman behar zaio. Latxartegi aretoan jo genuenean, soinu arduradunak talde formatuko kontzertua saltzen saiatu beharko ginatekeela esan zigun, baina egunerokoak jan egiten gaitu. Jendeak biok jotzeko deitzen digu eta talde formatuan jotzeko ate joka hasi beharko ginateke”.

Diskoa Elkar dendetan eta Legazpiko Katilu, Gurrutxaga, Haizea eta Zabaleta tabernetan eta Hizkuntza liburu-dendan eskura daiteke. Baita Urretxuko Apain, Buhame eta Krak tabernetan eta Santa Barbara aterpetxean ere.