ordizia - Santa Ana jaiei hasiera eman baino lehen beste hitzordu garrantzitsu bat izaten da kirolari lotuta Ordizian: esku pilota txapelketa herrikoia. Aurtengoan ere arrakastatsua izan da, azken urteetan izan duen gorakada nabarmena kontuan hartuta. 13. edizio honetan, guztira, 30 bikotek hartu dute parte eta Iztueta eta Arruabarrena izan dira txapela eta oroigarria eskuratu duten bikotea.

Lehen fasea pasa ostean, hiru maila edo zatitan banatua izan da txapelketa. A, B eta C liga egin dituzte eta egun berean jokatu zituzten talde bakoitzeko ligetako finalak. Gauzak horrela, C ligan Galparsoro-Aizpurua bikoteak irabazi egin zuen Regil eta Lacallek osatutako bikoteari, 22-18ko markagailua lortuz. B ligari dagokionez, Harto eta Regilek galdu egin zuten 19 eta 22 Rivela eta Armendarizen aurka. Amaitzeko, berriz, final nagusiaren txanda iritsi zen eta bertan Iztueta eta Arruabarrenak iritsi ziren lehenak 22 puntura; Bergantino eta Orbegozo 14ean utziz.

Omenaldi baterako tartea ere atera zuten. Izan ere, final nagusiaren aurretik, Saioa Martinez de Olkoz omendu zuten, Realarekin kopa irabaztea lortu duen jokalari ordiziarra. Hala, Emaneurre taldearen oroigarria eta ohorezko sakea egin zituen Martinez de Olkozek, inguratu ziren guztien begirunea eta babesa jasoz.

Arratsaldean jokatu ziren partida guztiak, Beti Alai pilotaleku kanpoko frontoi txikian. Musika eta garagardoa ere ez ziren falta izan jai giroan. Hala ere, Emaneurre taldeko kideek sare sozialetan salatu dute nahiz eta edukiontziaz egon lehiaketaren ostean guztia “zerri” eginda gelditu zela, plastikoz beteta. Hala, mesedez, garbiago jokatzeko eskatu du taldeak.

pregoilari Hamar urte bete ditu aurten Emaneurrek. Realaren afizio taldea, euskararen alde jardunean ibiltzen da beti, ahal diren ekintza gehien antolatzen hizkun-tzaren eta kirolaren alde. Dudarik gabe, urteurreun berezia izaten ari da eta halaxe adierazten du antolatu dituzten ekitaldiek jaso duten babesak. Hamargarren urtemuga ospatzeko beraiek antolatu dute, beste hainbat eragilerekin batera, Egearen Txindokiko desafioa. Zerbait berezia egin nahi zuten ospakizunetan, eta, dudarik gabe, lortu dute. Horrez gain, osasuntsu mantentzen da urtero antolatzen duten esku pilota herrikoiaren txapelketa, eta 13 urtean etenik gabe egon dira partaideak. Aurtengoan, gainera, Ordiziako Santa Ana jaietako pregoilariak ere izango dira Emaneurre taldekoak, Hitzaro Euskara Elkarteko kideekin batera. Udalak urteurren hau ez ezik, euskararen alde urte guzti hauetan egin duten lan guztia errekonozitu nahi du, eta, beraz, hilaren 24an, asteazkena, 12.00etan, beraiek igoko dira Ordiziako Udaletxeko balkoira Santa Ana jaiei hasiera ofiziala ematera; hamar urtez egurra ematen jarrai dezaten euskara eta kirolaren alde.