Ehun haurretik gora jaio dira azken urtean Ordizian. Santa Ana jaietan ohitura berri bat ezarri du Udalak aurten; iaz jaiotako jaioberri guztiei ongi etorria egitea. Gauzak horrela, larunbatean Ordiziako Udaleko batzar aretoa guraso eta haurrez bete zen, ekintza horren baitan. Banan banan zapiak jarri zizkieten haurtxoei, eta, ondoren, guztiak elkarrekin plazan elkartu ziren. Adur Ezenarrok, Ordiziako alkateak, nabarmendu zuen “hunkigarria” izan zela horrenbeste jende ikustea, “jatorri ezberdinak izanagatik ere, ordiziar izateak biltzen gaituen komunitatearen parte sentitzen garelako elkartzea”. Alkateak gogoratu zuen Ordizia betidanik izan dela “harrera herri bat”, eta orain ere berdin jarraitu nahi dute: “Gure harresien babesera inguruko biztanleei harrera egin genien, gure inguruko industriak behar zuen eskulana bermatzeko urrutiagotik gurera etorri zirenei harrera egin genien, eta orain ere, mundu zabaletik gurera bizi-tzera datozen guztiei harrera egiten diegu. Berdin dio nondik zatozen, ordiziarra izatea sentimendu bat delako”.

Horrekin hasi zen eguna, baina egitarau zabala izan zuten ordiziarrek. Asteburuan gaztetxoak izan dira nagusi, eta haien kuadrilla eguna ospatu zuten larunbatean. Eguerdirako guztiak kalean zeuden, ohiko kamiseta eta blusa koloretsuak jan-tzita. Ordu berean, alkate jaun-andreak Udaletxe barruan zeuden eta aurreskuak eta atzeskuak agurra dantzatu zieten, ondoren, soka dantzarekin amaitzeko plazan. Bazkaria elkarrekin egin ostean festak jarraitu zuen, eta urezko tobogana ere askok erabili zuten beroari ihes egiteko.

Arratsaldean, Ordiziako Punch Boxing taldeak erakustaldia eman zuen, Beti Alai pilotalekuan. Horren ondoren etorri zen borrokaldia. Fran Mendoza 22 urteko gasteizarrak Eddy Paulen aurka irabazi zuen, lehen borrokaldian gailurrera iritsiz. Bestalde, Jon Jader bilbotarraren debuta ere izan zen eta bi aldiz irabazi zion lehen itzulian Nelson Altamiranori.

Igandean, festari segiz, haurrak protagonista izaten jarraitu zuten. Eguerdian umeen esku dantza egin zuten hainbat gaztetxok eta kalejiraren erritmoaz ere girotu zituzten herriko kaleak. Arratsaldean, bestalde, umeen danbor hotsak izan ziren nagusi, haurren danborradan. Bihar, 12.00etan jaurtiko da txupinazoa Udaletxetik.