Beasain - Urteroko hitzordua dute gaur beasaindarrek, fusilatuen omenezko eskultura dagoen lekuan, Dolarea jatetxearen alboko zelaian. Hain zuzen ere, 1936. urtean gaurko egunez, gauean, Beasainen fusilatu zituzten herritarrak gogoan izango dituzte eta omenaldia egingo zaie memorian jarrai dezaten guztiak eta gau beltz hura ahaztu ez dadin. Gogoan izango dute 1936ko uztailaren 27an, astelehenean, Pablo Cayuela teniente koronelaren tropak Beasainen sartu ziren unea eta baita hurrengo euneko goizaldean, 5.00etan, Albisuenea etxearen aurreanfusilatu zituzten 35 lagunak.

Arratsaldeko 19.00etan hasiko da ekitaldia eta urteroko egitaraua osatu dute horretarako. Hala, irakurketa taldekoen errezitaldia, gertatutakoaren historia laburraren irakurketa, musika eta ohorezko agurra eginik, fusilatuen, eraildakoen eta gerraren zeharkako eraginez hildakoen izen-deiturak irakurriko dituzte banan banan. Ohi bezala, lore eta kandela eskaintzarekin amaituko da ekitaldia; bertan hil zituztenak gogoan izanez.

Bestalde, Beasaingo Irakurle taldeak ere parte hartuko du ekitaldian. Aurten, Garbiñe Ubedaren Hobeto isilik liburua irakurriko dute eta, omenezko ekitaldia hasi baino lehen, 17.30ean, Igartzako jauregian izango da saioa. Liburua eta gaia taldean aztertuko dute eta tertuliarako aukera ere eskainiko da bertan. Saioa, ohiko moduan, irekia izango da eta edonork parte hartzeko aukera izango du. - M.A.