lekaroz - Gaur 20.00etan, piztuko dute igandera arte luzatuko diren San Bartolome bestei hasmenta emateko suziria Lekarozen. Lehenbiziko altxaferoa nork piztuko duen sekretupean mantendu nahi izan dute lekaroztarrek. Suziriaren aitzinetik, 19.00etan, Lekarozko VIII. esku pilota torneoko finalak jokatuko dira pilotalekuan. Haur mailan Joel Garaikoetxea eta Iker Sagardia, Hegoi Iturregi eta Ugaitz Apeztegiaren aurka lehiatuko dira eta umeak mailan, Josu Larraioz eta Julen Elizainzin, Eneko Maiora eta Eneko Primen aurka. Ilunabarrean, Baztan-zopak izanen dituzte frontoian, eta gero dantzaldia Joxe Angelen eskutik.

Bihar haurren eguna izanen da eta goiz eta arratsaldez puzgarriak izanen dira.. Goizean aurpegi margoketak ere izanen dira eta eguerdian erraldoi eta buruhandiak aterako dira. Indarberritzeko, haurrendako bazkaria izanen da eta arratsaldean, haurrak puzgarrietan dauden bitartean, mus txapelketa jokatuko da. Gero, bai haur zein helduek parte har dezaketen mozorro jaialdia izanen da eta ondotik txokolatada, entzierro ttikiaren aitzinetik. Mutil dantza eta gaita dantzatu ondotik, herriko elkartean Julio Soto eta Eli Pagolarekin bertso saioa izanen da eta gauerditik aitzinera disko jartzaileak Apezenian.

Ortzirala gazteen eguna izanen da, argi soinuen ondotik bizikleta martxa burutuko dute, gero gazteen bazkaria eta jokoak izanen dituzte eta herriko bi bikotek herri kirol desafioa jokatuko dute, 600 euro jokoan jarriz. Arratsean Zaparra, Pleura eta Katez taldeekin kontzertua izanen da, Aimar disko jartzailearekin akitzeko.

Larunbata San Bartolome eguna izaki, meza nagusia, dantzak eta luntxa izanen dira eta arratsaldean Iruritako dantzariak, Oharkabe eta arratsean Tirri&Tery.

Igandean, herri bazkaria izann da, aitzinetik, Porrotx pailazoa agertuko delarik. Arratsalde eta gauean Trikiteens taldearekin erromeria izanen da, bukatzeko. - F.A.G.