Inor gutxi harrituko zen Iruñeko alkate berriak uda idor eta luze honetan huntaz eta hartaz errandakoez. Bazka ederra maiatzeko bezeroak asebetetzeko. Aunitz ditu, eta bera da une honetan eskuindar guztien hautetsi gorena nafar erakunde publikoetako kargudunen artean. Uda hasmentan bertzerik iduri zuen, hots, Agoizko politika-gizon kamutsak Aldaketaren lehendakariari lekukoa hartuko ziola. Alabaina, udak ustekabeko bide bat ekarri digu politikaren plazara, azken urteotako tradizioa hautsita. Ikuskizun dago fruituak eman edo alferrik galduko ote den. Aurreko lehendakariak hauteskunde gauean berean erakutsi zuen bidea, bide egingarri bakarra. Emaitzak ikusirik, gobernua osatzeko ekimena bertze bati zegokiola erran eta buru-belarri lotu zitzaion gobernu berrirako akordioa ontzeari, azken lau urteotako aurrerapausoei segida eman nahian.

Hiriburuan, ordea, bai eta Iruñerriko zenbait herritan ere, sozialistek bidea eragotzi dute. Betirako, ordea? Tipulazorroen herrian, behintzat, jarrera aldatu dute. Ezin jakin gogo onez edo txarrez, baina bide bat ireki da, eta auskalo bideak jarraipenik izanen ote duen Iruñea inguruko bertze zenbait udalerritan; Eguesibarren, konparazio batera.

Bitartean, gure hirian, alkatea eskuindar koalizioaren ispilua izanik, bada haren izena bultzatu nahian dabilenik, hemendik lau urtera Agoizkoaren ordez Diputazioko tronua erdiesten saiatzeko. Oraingoz, udalean dabil eta indar handia izanik ere, ez du gehiengo osorik eta gogotik saiatuko da udal talde sozialista bere altzora erakartzen. Dena den, nafar sozialistak hedabide eskuindarren eraso gupidagabearen jomuga diren heinean, gero eta gehiago urrunduko dira Mayarenganik. Beraz, oposizioko bertze bi taldeek abileziaz jokatu beharko dute sozialistak beren arrimura ekartzeko eta alkateak proposatzen dituen atzerapausoak galarazteko.