orio - Orioko Udala berritze lanak egiten hasiko da bihartik aurrera herriko plazan, bertako irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzeko helburuarekin. Hala, obren ondoren, “herriko plaza oinezkoentzat geratuko da eta moilako errepidea bi norabidekoa izango da”, ziurtatu zuen Anuska Esnal Orioko alkateak, atzo herriko Kultur Etxean ospatu zen bilera irekian. “Egun, astebukaeretan bakarrik izaten da herriko plaza oinezkoentzat, horrek segurtasun eza dakar azken finean eta lan hauekin, plaza leku lasai eta eroso bat bilakatuko da”, jarraitu zuen.

Plazako elementu nagusia kioskoak izaten jarraituko du. Orain ordea, antzinan estaldura horrek zuen forma zuzenak berreskuratuko dira, Jon Begiristain obra diseinatu duen arkitektoak, atzo ziurtatu zuenez.

Obra bi zatitan banatuko da: batetik, herriko plazako, Aritzaga kaleko eta Txistulari kaleko lur azpiko instalazioak berrituko dira, ur zikinak antolatu eta, oro har, saneamendu-lanak egingo dira inguru horretan. Bestetik, saneamendu-lan horiekin batera, datozen hilabeteotan, Eusko Jaurlari-tzako Portu zuzendaritzak moila zabaltzeko lanak egingo ditu, horko errepidea bi noranzkokoa izan dadin.

Bederatzi hilabeteko iraupena izango du eta lau faseetan banatuko da. Bihar ekingo diote lehenengoari, Aritzaga kaletik. Lehen fase horrek hiru hilabete iraungo du. Hilabete horietan herriko sarrera Txistulari kaletik izango da eta irteera, berriz, Diketik; ondorioz, 2,40 metroko altuera baino gehiago duten ibilgailuek Txanka-Hondartzako errepidetik irten beharko dute.

Bi obra garrantzitsu horiek “onura handia ekarriko diete herritarrei eguneroko bizitzan, baina urtean zehar izango dira noski ezustekoak eta aldaketak. Udalak ahalegin gu-ztiak egingo ditu herritarrei ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko eta, ahal den guztietan, zabalik mantenduko dira norabideak”, esan zuen Esnalek. Obrak aurreratu ahala, hala ere, baliteke, herritarren segurtasuna bermatzeko eta obraren exekuzioa errazteko, bideren bat itxi behar izatea; kasu horretan, Txanka-Hondartzako bidea erabili beharko da.