Luma fin baten zehaztasun eta zorroztasunarekin idazten du Ekaitz Goikoetxea beasaindarrak. Aski ezaguna da hainbat eta hainbat saritan irabazi edo lehen postuak eskuratzeagatik. Irakasle konprometitua da eta idaztea ere asko maite du. Aurtengoan, beste behin ere, Basarri Saria eskuratu du, bertsopaper lehiaketan ospe eta tradizio handiena duen sariketa. Ez da makala Goikoetxea.

Aurtengo lanaren izenburua Nola ez dakizun hori izan dela azaldu du beasaindarrak, “Irati Jimenezen nobela ederraren tituluari keinu eginez. Baina nora beharrean nola jarrita”. Irakasleak gustoko izan du betidanik gizarte alorretan jartzea diana, zenbaitetan, gaztetxoen jarrera eta jokabideak jomuga hartuz, berdintasunaren aldeko hautua eginez.

Beste urteetan, hala nola, transexualitatea eta suizidioa landu ditu bere bertso paperetan eta, aurtengoan, gizartearen bizimodua, martxa, abiadura, estresa, txikizioa, eta aseezina landu ditu. “Nik justu kontrakoa aldarrikatzen dut, patxada, giza harremanak, naturarekiko atxikimendua, teknologia berrien neurrizko erabilera, ingurunearen eta geure buruaren zaintza”.

Bere azalean bizi izan dituen egoerak eta pasarteak jorratzen ditu Goikoetxeak. “Ikaragarri kezkatzen nau 14-15 urteko ikasleak sakeleko telefonoekin gaixotzeraino zein kateatuta dauden ikusteak, gauzak ahaleginik gabe lortu nahi izateak, oro har, naturarekiko dugun axolagabekeriak, bi metro egiteko autoa hartzeko hautuak... Kezka horietatik abiatuta ondutako bertsoak dira”, gehitu du.

erabakiak Duela 20 urte izan zen lehen aldiz saritua Basarri Sarian, 1999. urtean. Lehen proba horretan bigarren saria eskuratu zuen. Segidan, 2001ean, eta 2002 eta 2003an, urrezko dominak eskuratu zituen. Ondoren, 12 urtean inora lanik aurkeztu gabe egon zen eta geroztik lehenengo eta bigarren sariak irabazi zituen hiru urtez jarraian, 2015, 2016 eta 2017an.

Iaz, ordea, arauak aldatu zituzten Basarri Sariko antolakuntzakoek eta erabaki zuten saria irabazten zuenak hurrengo urtean epaile lanak egin beharko zituela, eta pertsona berberak ezingo zituela bi sari irabazi; beraz, iazko urtean ezin izan zuen parte hartu epaile lanetan aritu zelako eta aurten, berriz ere lehen postua eskuratu du. Hurrengo urtean, baina, besteen lanak balora-tzea tokatuko zaio.

“Epaile lanetan ere oso gustura aritu naiz. Une horretan ikusten duzu saritu gabeko baina maila izugarriko lan asko daudela, oso onak direnak”. Normalean, bi fase igarotzen dituzte epaileek. Lehenengoan, hautaketa egiten da eta aurkeztu direnetatik bost-sei aukeratzen dituzte. Bigarren irakurketa batean, baina, kontuan hartzen dute nola zukutu duen gaia egileak, nora eraman duen, zein bide urratu dituen. Eta, noski, epailearekin gaiak nola konektatzen duen ere garrantzitsua da. “Ondoren epaileok elkartu eta hautatuta ditugun lan horiek zeintzuk diren ikusten dugu. Iazko kasuan gehienak antzekoak ziren. Ahoz gora kantatu genituen eta bakoitzak bere sentsazioak azaldu zituen. Polita da beste epaimahaikideekin ikustea eta eztabaidatzea, eta, nola ez, zure inpresioak osatzea”.

belaunaldietan barrena Bedera-tzi urte inguru zituela hasi zen idazten beasaindarra. Nahiz eta urte ba-tzuetan ez den lehiaketetara aurkeztu, ez dio idazteari utzi. Beste zenbait generotan idatzi izan du, maila onean gainera, baina azken urteetan bertso paperetan sentitzen da gustuen.

Bertso paperak “tresna egokia” direla uste du: “Garai batean funtzio asko betetzen zituzen, hala nola, zabalkundea, transmisioa, memoriaren lanketa, eta indar handikoak izaten dira bertso paperak, bertan lantzen diren gaiak ere halakoak izaten direlako normalean”. Egun ere, hezkuntzan, adibidez, gai asko lantzeko tresna oso baliagarria dela uste du, “modu goxagarrian”, baliabide bezala ibiltzeko.

Basarri Sariketari dagokionez, hiru belaunaldi ezberdinekin partekatu ditu sariak. “20 urte hauetan, Pello Esnal eta Imanol Lazkanorekin, nire belaunaldikoekin, eta aurten ni baino 22 urte gazteagoa den Aner Peri-tzekin, berak irabazi baitu bigarren saria. Ederra da belaunaldiz belaunaldi hor jarraitzen dudala ikustea”.

Gai ugari landu ditu, eta aurrera begira nahiago izaten du oraindik ere jorratu gabekoei heltzea. “Ezagututako egoera izan behar da, nik edo inguruan bizitakoa, eta gai orokorrei heldu baino, nahiago izaten dut zehatz idatzi”, dio. Eta “erronkak” gustatzen zaizkio: “Esaterako, bertso sorta honetan inoiz erabili gabeko errima bat erabili dut. Umore puntu bat sartzea gustatzen zait, estilo landua, ulergarria eta zehatza izaten da”.

Bertso paper lehiaketarako zortzi bertso osatu behar izaten dira, beraz, gaiak mamitsua behar du. Eta, gezurra badirudi ere, buruz idazten du. “Bertso forma hartzen hasten denean, ikusten dudanean zortzi osatzeko ematen duela, orduan idazten hasten naiz ordenagailuan. Hilabete behin-tzat pasa-tzen dut hori egiten, errima guztiak errepasatzen, hitz denak aztertzen”. Perfekziorik ez bada ere, Goikoetxea hurbil dabil.