idiazabal - Goierritarren lasterketa kuttunetako bat jokatuko da igande honetan. Zazpigarren aldiz, Idiazabalen Axari Trail mendi lasterketa izango da, eta hau Goierri Kopako azken proba izango da, gainera. Beraz, guztia erabakitzeko unea izango da igandekoa, eta azken aste hauetan herriko mendietan barrena entrenatzen ibili diren asko eta asko ikusteko aukera ere izan da. Ohiko moduan, lasterketa luzea eta laburra egongo dira.

Izen-emateak ere itxita daude dagoeneko eta zenbakiak iazkoaren antzekoak izango dira. Antolakun-tzatik jakitera eman dutenez, 419 pertsona izango dira hasierako lerroan jarriko direnak eta gustura agertu dira kopuruarekin.

Faboritoen artean Aritz Egea urretxuarra dago gizonezkoetan, eta emakumezkoetan, berriz, Laida Elizegi zaldibiarra lehen postuetan iritsiko dela espero da, beste probetan ere maila ona erakutsi duelako. Herritarren artean, Josu Urrestarazuk sari batzuk irabazi berri ditu trail distantzietan, eta espero da etxean maila ona emango duela.

ibilbide ezaguna Urtean zehar jende ugarik egiten du Axari Traileko ibilbidea, eta lasterketa gerturatu ahala, gehiago izaten dira. Ingurune ezinhobean kokatzen da Axari Trail eta ikuspegi ederra eskaintzen du ibilbide ia osoan zehar.

Beste urteetan bezala, goizeko 9.30ean aterako dira korrikalariak, eta ohiko moduan, helmuga ere leku berean kokatuko da. Proba luzeari dagokionez, 25,4 kilometro izango dituzte aurretik lasterkariek eta 1.550 metro positiboko desnibela. Lasterketako punturik altuena Palankaleku da, 979 metrorekin. Proba laburrak, bestalde, 16,4 kilometroko luzera du eta 758 metro positibo meta-tzen dira. 15, 16 eta 17 urte dituzten kadeteek, derrigorrez, proba laburra egin beharko dute eta gurasoen baimena aurkeztu beharko dute lasterketan parte hartu ahal izateko.

kontrolak eta puntuak Probaren luze-zabalean antolakuntzak kontrol guneak jarriko ditu eta bertatik igarotzea ezinbestekoa izango dute partaideek, arauzko igarotzeko kontrolak egiteko. Hala, Artteittan izango da lehen paso-kontrola, 9. kilometroan. Gehienez ere, horra iristeko ordubete eta erdiko denbora izango dute. Bigarrena leku berean izango da, 18,5. kilometroan eta bertatik hiru ordu eta erdi baino lehenago pasa beharko dute.

“Denbora hauek kalkulatuta daude proba 4.30 ordutan amaitzeko. Denbora hauetatik aurrera, lasterkariaren ardura izango da bere kabuz helmugara iristea”, nabarmendu dute antolakuntzakoek. Helmugakoaz gain, sei horniketa puntu atonduko dira eta postu horietan freskagarriak eta janaria eskainiko dira.

Lasterketa amaituta, sari banaketa egingo da eta dutxa zerbitzua eskainiko da Zelaa kiroldegian eta Arizkorreta futbol zelaian.

Dortsalak, txipak eta lasterkariaren poltsa udaletxean banatuko dira larunbatean, arratsaldeko 17.00etatik 20.00etara, eta lasterketa egunean ere bai, 7.30etik 9.00etara bitartean.