zarautz - Iritsi da XLIII. Bertsolari Gazteen Lizardi Sariak final nagusia jokatzeko eguna. Ospe handia duen lehiaketa izanik, aurrez kanporaketa egin behar izaten da eta aurtengoan bi izan dira. Lehen kanporaketa pasa den ostegunean jokatu zuten, eta bi bertsolari sailkatu ziren: Jon Gurrutxaga (209,5 puntu) eta Aitor Bizkarra (208 puntu). Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatzen da finalera, eta gainontzeko lau finalistak puntuazioaren arabera erabaki-tzen dira. Ostiraleko kanporaketatik, beraz, lau bertsolari sailkatu ziren finalera: Maider Arregi (208 puntu), Joanes Illarregi (207 puntu), Maddi Ane Txoperena (206,5 puntu) eta Unai Izagirre (204 puntu).

Gaur, bertsolari hauek beraien trebezia erakutsiko dute baina horretarako, eginbehar batzuk izango dituzte: zortziko txikian hiruna bertso, zortziko nagusian hiruna bertso, hitz bati bertso bana nahi den doinu eta neurrian, seiko motzean hiruna bertso eta kartzelan bi puntu erantzun eta gaiari hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Euskal Astearen barne lehiatzen den Bertsolari Gazteen Lizardi Sariak final nagusia gaur izango da Modelo aretoan 22.00etatik aurrera eta nahi duenak eskuragarri izango ditu sarrerak Modelo aretoko leihatila bertan, hiru euroren truke.

16 bertsolari Aurtengo Bertsolari Gazteen Lizardi Sarietan hamasei bertsolari aurkeztu dira: Uxue Alkorta, Joritz Bastarrika, Jokin Bergara, Aitor Bizkarra, Jon Gurrutxaga, Gorka Pagonabarraga, Sarai Robles, Mikel Tapia, Maider Arregi, Libe Goenaga, Joanes Illarregi, Unai Izagirre, Eñaut Martikorena, Maddi Sarasua, Aimar Sorazu eta Maddi Ane Txoperena.