Zarautz - Iristear da Zarauzko Euskal Jai eguna eta Udalak, aurten ere, nerabeei eta gazteei zuzendutako prebentzio kanpaina antolatu du, alkoholaren kontsumoak ekarri di-tzakeen arriskuen eta indarkeria matxistaren inguruan kontzientziatu eta sentsibilizatzeko helburuarekin.

Programa ibiltaria izango da eta Ai Laket! elkarteko kideak festa guneen inguruan ibiliko dira, prebentzio lanetan. Besteak beste, alkoholari buruzko informazio objektiboa eta bestelako arrisku murrizketarako materialak eskainiko dituzte; kalean alkohol erabilerak eragin ditzakeen arrisku edo liskarrak gutxitu eta bizikidetza bueltatzen duten gomendioak luzatuko dituzte (zaborra jaso, errespetua izan?); alkoholaren erabileratik kanpo dauden bestelako aisialdi aukerak eskainiko dira; eta indarkeria matxistaren prebentzioan eta horren inguruko sentsibilizazioa garatzea landuko dute, besteak beste.

Era berean, ura, janaria, alkohol kontsumoari buruzko erregletak, zabor poltsak, preserbatiboak eta informazio liburuxka zein pegatinak banatuko dituzte bertaratzen diren nerabe eta gazteei.

gaueko taxi-bus zerbitzua Udaletik gogorarazi dute Euskal Jai egunean ere gaueko taxi-bus zerbitzua eskainiko dela, 1.00etatik 5.00ak bitartean. Ohi bezala, emakumeek eta mugikortasun urria duten pertsonek lehentasuna izango dute, baina ez zaio inori zerbitzua ukatuko. Tiketak Udaltzaingoan (Gipuzkoa kalea, 32) edo Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ, Kale Nagusia 29) eskuratu beharko dira eta zerbitzua taxistari ordainduko zaio. Bidaiaren prezioa iazko berdina izango da: 2 euro erabiltzaile bakoitzeko, Talaimendi gora eta periferiara izan ezik; kasu honetan kostua 3,50 eurokoa izango da. Geltokia Udaltzaingoaren parean egongo da, Gipuzkoa kalea 32an.

Aldaketak hondakinak biltzeko zerbitzuan Euskal Jai egunak, era berean, hondakinen bilketan eragina izango du. Batetik, egunean bertan (irailak 9) Zarauzko merkatari, ostalari eta zerbitzuek ez dute izango inolako atez-ateko bilketa zerbi-tzurik. Hala, egun bat atzeratuko da zerbitzua eta astelehenean izan beharrean, asteartean jasoko da atez-ate, bai Zarautzen eta baita Orion ere.

Getariako eta Zumaiako merkatari, ostalari eta zerbitzuentzako hondakin bilketa, aldiz, astelehenera aurreratuko da. Bertako industrialdeetako enpresetan ere, asteartean egin ordez, astelehenean jasoko da errefusa.