getaria - Gelato World Tour txapelketako kanporaketetako bat jokatu zen pasa den astebukeranBartzelonan. Izozkigileen artean zen Getariako Dona Doniko Fernando Alberdi, orain arte hainbeste poz eman dion mangoa eta ezpeletako piperrautsarekin egindako izozkiarekin eta, oraingoan ere, bete-betean asmatu du zaporeekin azpeitiarrak; bigarren postua lortuta iritsi baita etxera.

Alberdi pozik dago lortutakoarekin: “Esfortzu handia egin nuen pasa den asteburuan, izozki pila bat egin behar izan nuelako, bai epaimahaiarentzat, bai publikoarentzat. Halako lana hartu ostean, gustura hartzen dira sariak”, azaldu du.

18-20 izozkigile inguru lehiatu dira oraingo honetan eta bigarren geratzearen sekretua “sorbete moduko elatua aurkeztea” dela dio Alberdik: “Partaide guztiek grasadun elatuak aurkeztu zituzten. Nik, berriz, mango eta ezpeletako piperrautsarekin egindako izozki hau egiteko, hiru osagai bakarrik erabili nituen: ura, fruta eta azukrea”.

Hiru egunez jokatu zuten Bartzelonako kanporaketa. Epaimahaiak puntuazioaren %60a erabaki zuen, eta publikoak beste %40a. Haien arabera, aurkeztutako izkozkien artean bigarren onena izan zen azpeitiarrarena. Lehen saria, berriz, Maurizio Melanik eskuratu zuen.

Bartzelonan lortutako emaitzari esker, 2020an jokatuko den Espainiako finalerako sailkatu da Alberdi. Han puntuaziorik onena lortzen duten bi izozkigileak Italian egingo den munduko txapelketan izango dira.

Izozkigile honen ezkarmentua, ez da aurtengo sarira mugatzen. Iaz, Galizian egindako Fase Norte txapelketa irabazi zuen eta Concurso Cattabriga & Anhcea al Mejor Sabor Nacional izeneko estatu mailan izozki txapelketan, hirugarren postua lortu zuen. Hauetan guztietan elatu berdina aurkeztu du eta oraindik argi ez duen arren, “seguru aski izozki berarekin jarraituko dut lehiatzen, arrakasta izaten ari baitu”.

garraio mundutik, izozkigile Fernando Alberdik Azpeitiako garraio enpresa batean egiten zuen lan eta krisi garaian lana murriztu eta buruari bueltak emanez hasi zen: “Getarian izozki-denda baten hu-tsunea zegoela ikusi nuen eta horren inguruan hainbat ikastaro egiten hasi nintzen”. Hasieratik, Carlos Arribas zarauztar izozkigile famatua izan du maisu eta Alacanteko unibertsitatean, Espainia mailan dagoen izozkien inguruko kurtso bakarra burutu zuen, joan den urtean.

2013an ireki zuen Dona Doni eta ordutik, zapore askoko elatuak egin ditu. Momentu honetan, 28 ezberdin ditu eta denak, “kalitatezko osagaiekin egindakoak direla” ziurtatu du.

Astebukaera honetan bost hilabetetarako itxiko du bere negozioa eta denbora tarte hau motz egiten zaio Alberdiri, “hurrengo urterako errezeta berriak pentsatzen hasten bainaiz”.

Beraz, Bartzelonan saritua izan den magoa eta ezpeletako piperrautsarekin egindako izozkia dastatzeko azken aukera izango da egunotan. Alberdik, helburu horrekin, zapore horretako hainbat izozki egiten ibili da astebukaera iritsi baino lehen: “Hainbat herritarrek galdetu didate ea elatu bitxi hori probatzeko aukera izango duten eta nik badaezpada ere mordoa egin dut”.