Ehundaka izen, batzuk ezagunak, beste batzuk galduak edo desagertzeko arriskuan. Lander Zurutuza historialariak eta liburuzainak guztiak bildu ditu Lezoko Toponimia izeneko liburuan, hilabete honetan aurkeztu dena.

Bertan Lezoko tokien izenak ager-tzen dira: leku, etxe, baserri, erreka, zubi, iturri, gurutze, gotorleku eta abarren izenak. “Horretarako artxiboetako agiriak, iturri bibliografikoak eta ahozko iturriak -80 informatzaile, horietatik gehienak XX. mendeko lehen erdian jaioak- erabili ditut. Daukan balio linguistikoa alde batera utziz, lanak Lezoko historian murgiltzen gaitu, orain arte argitara gabe zeuden ohar historikoz betea baitator”, aditzera eman du idazleak.

“Bizitza oso bateko lana” dela ziurtatu du. “Aspaldiko kontua da. Karrera egiten hasi nintzenetik beti gustatu izan zait ikerketak egitea eta beti atentzioa gauza batek deitu dit: nahiz eta jakin gizarte hau euskalduna izan zela, iraganean beti kostalde honetan kanpotarrekin hartu-eman handiak egon dira. Nahiz eta eskribauak euskaldunak izan, gazteleraz idazten zuten, are gehiago zenbait dokumentu zahar latinez idatzita ere ikusi ditut, baina euskaraz ez dut agiri bakar bat ere topatu”, gogoratu du.

Alabaina, euskara oso leku txikitan zegoen ezkutatuta: pertsonen abizenetan, ia beti euskaldunak ziren; pertsona bat ezagutzeko izengoitia jartzen zutenean askotan euskaldunak ziren; eta tarteka ere euskarakadak sartzen zituzten testuetan; euskaraz pentsatzen zuten, baina erderaz idazten zuten.

Baina Zurutuzarentzat aberatsena euskarazko toponimoak ziren, leku izen gehien-gehienak euskarazkoak baitira. “Honetaz ohartu nintzenean garrantzia eman nion eta momentu jakin batean erabaki nuen Lezoko toponimoak aztertzea. Urte askotako lana izan da, 20 urtetako lana izan da, nire denbora librean egin dudana”, azaldu du.

Izen guztiak A letratik alfabetikoki sailkatu dira eta bakoitzak bere fitxa dauka. Lan hau ez da bakarrik alde linguistikotik garrantzitsua, fitxa bakoitza ohar historikoz josia baitator eta hor Lezoko historiako zati txikiak irakur daitezke. Adibidez, 1628an frantsesak Lezon egon zirenean zein kalte egin zituzten jasotzen da, 1719an lezoar baten hariztia erre zuten frantsesek ere. “Mikrohistoria kopuru handia dago”, zehaztu du idazleak.

Liburuko izenik zaharrena Lezo toponimoa da, Guillermo de Lazon jauntxotik datorrena. Izan ere Hondarribia herriari Gaztelako erreinuak villa titulua eman zionean 1203. urtean, hiria Guillermo de Lazon eta bere kideei ematen zaiela agertzen da garaiko testu batean. Lezo Hondarribiaren mugen barnean kokatzen zen. Guillermo de Lazon Lezoko Markesane eremuan zuen bere jauregia, udaletxe ondoan, eta duela urte batzuk Aranzadik jauregi honen oinarriak berreskuratu eta azaleratu zituen.

Toponimoen ikerketa honi esker desagertutako gauza asko agertu dira, adibidez Gaintxurizketan gurutze bat zegoen eta urtero herriak prozesioa egiten zuen, ermita ere bazegoen leku berberan, Santiagotxo izenekoa, eta oraindik eremu horrek Santiagotxo izena mantentzen du. XIX. mendean baserri asko eraiki ziren Lezon, gaur egun desagertuta daudenak, eta inork ez ditu gogoratzen, baina toponimoek baserrien izenak iraunazi dituzte.

Bestalde, gaur egun zutik manten-tzen diren eraikinak era badaude. Lezoko erdigunean, Kale Nagusian bereziki, armarri eta izen propioak dituzten etxe asko agertzen dira. Horien artean, Kale Nagusiko 5. zenbakian adineko jendeak kuartela bezala ezagutzen duena dago. Izan ere, XIX. mendean Karlistaden garaian tropek etxe hau kuartela bezala erabili zuten. Orain dela gutxi arte, hau zen etxe horretaz zegoen informazio bakarra. Baina, Zurutuzaren ikerketari esker bikarioentzat etxe bezala erabili zela jakin da.

“Francisco de Gainza Irungo erretorea izan zen eta XVII. eta XVIII. mendeen artean bizi izan zen. Etxe hori beraien gurasoena izan zen eta Francisco de Gainzak bere testamentuan etxe hori bikarioentzat izan zedin idatzita utzi zuen”, azaldu du ikertzaileak.

Etxe horrek duen armarri dotorean errektorearen gurasoen abizenak agertzen dira: ezkerrean Francisco de Gainza kapitainarena eta eskubian Endara abizenarena.

Toponimiak herri baten garai bateko mugak ezagutzeko ere balio du. Izan ere, Lezok Bizkaia izeneko auzo bat zuen eta bertan Gaztelako Erregeen galeoiak ontzioletan eraikitzen ziren. Gaur egun, eremu hori Pasai Donibane da, 1770ean Pasaia Hondarribitik bereiztu zenetik. Baina Bizkaia izena Donibaneko udaletxe ondoko plazan mantentzen da. Hortik gertu Bordandia izeneko baserri bat zegoen, Lezoko agintariak izaten ziren etxe horretako jabeak eta Espainiako erregeak lurrak erosi zizkien portu bazterrean ontziolak eraikitzeko. Gaur egun eremu hori Bordalaborda izenez ere ezagutzen da.

Zurutuza oso pozik agertu da bere lanarekin: “Horrelako lan bat egiten duzunean normalean pentsatzen duzu gauza asko kanpoan gelditu direla, eta egongo dira zenbait ez ditudanak sartu, baina lan honek benetan asetu nau”.

Aurkezpena. ‘Lezoko Toponimia’ liburua, Lander Zurutuzak idatzia, urriaren 26an Gurutze Santuaren 2. zenbakian. Bertan aurkezlari bezala izango dira Zurutuza bera, Lucien Etxezaharreta, lanaren editorea, eta Patri Urkizu idazle eta euskaltzaina.

Argitaletxea. Baionako (Lapurdi) Maiatz argitaletxeak lana argitaratu du. 25 zentimetroko luzera du liburuak eta 497 orrialde ditu.

Salmenta. Donostiako Hontza liburudendan eta aurkezpen egunean. Prezioa: 20 euro. Egileak azaldu duenez, aurkezpen egunean aleak agortzen badira, itxaron-zerrenda bat osatuko dute eta bigarren edizio bat argitaratuko dute.

Toponimoak. Lander Zurutuza idazleak ez ditu zenbat toponimo bildu dituen zenbatu, baina “ehunka eta ehunka” daudela adierazi du.