hondarribia - Hondarribiako udal Gobernuak ordenantza fiskal arautzailea aldatzeko proposamena bihar eramango du udalbatzara. Txomin Sagarzazu alkateak eta Juan Mari Altuna Ogasun zinego-tziak atzo jakinarazi zuten bezala, zergak eta tasak ez dira igoko 2020an, seigarren urtez.

“Udalak kobratzen dituen zenbait zergetan familia ugarientzako eta bigarren etxebizitzen jabeentzako hobariak handitu nahi ditugu, ahalik eta familia gehienengana heltzeko, beti legezko baldintzak betetzen badituzte”, zioen alkateak.

Gobernuaren proposamenak ondasun higiezinen gaineko zergarentzat (OHZ) bi hobari aurreikusten ditu, Ogasun departamentuak azterketa sakon bat egin eta gero. Lehenengoa familia ugarientzako hobari bat da: hauen ohiko bizilekuak diren etxebizitzek hobaria izango dute zergaren kuotan familia errenta estandarizatuan duten mailaren arabera, Estatuko lanbide arteko gutxieneko soldatarekin alderatuta.

Bestalde, etxebizitza hutsetan OHZren gaineko errekargua ordain-tzetik salbuetsita dauden hamabi kasu ezarri dituzte. “Adibidez, etxebizitzak alokatzea helburu duen erakunde publikoren baten esku dauden etxebizitzetan salbuespena egingo dute; baita ere lanbide edo merkataritza jardueretarako diren etxebizi-tzak badira”, adierazi zuen Altunak.

Biharko bilkuran aldaketak onar-tzen direnean, bi hobari hauei buruzko informazio osoa hondarribia.eus udal webgunean argitaratuko dute.

Bukatzeko, 2020ko aurrekontuen proposamena oposizioko alderdiei dagoeneko banatu zaiela azaldu zuen Sagarzazuk, azaroko bilkuran eztabaidatzeko asmoarekin.