Síguenos en redes sociales:

Gaur hasita asteburu kulturala Anizen

Bertzeak bertze, pizza tailerra, ginkana eta txiste afaria izanen dituzte

aniz - Azken urteetako ohiturari eutsiz, asteburu kulturala antolatu dute Anizen. Gaur eta biharko hainbat ekitaldi prestatu dituzte. Gaur abiatuko dute egitaraua, 16.00etan, pizza tailer batekin. Aitor eta Maider Azkarate Tomassonek haur, gazte eta helduei pizza nola egiten den erakutsiko diete, eta gero, ikasitakoa praktikan jarriko dute, tailerrean egindako pizzak janen dituztelarik. Aipatu behar da 40 lagun inguruk emana dutela tailerrean parte hartzeko izena. Tailerra eta afariaren artean mahai jokoetan ariko dira.

Biharko egun osoko egitaraua antolatu dute. 11.00etan Pastizalgo itzulia eginen dute eta parajeen izenak paratuko dituzte. Iaz herriaren alde bateko parajeak bisitatu eta, zur-egurrean zizelkatuta izenak paratu zituzten: Estrakazar, Trinitate, Lurgorri, Lutran, Istilegi eta Amorru. Aurten herriaren bertze aldera joanen dira, eta Pastizalgo itzulian iaz hasitakoari jarraikiz, berriz ere, zur-egurrean zizelkatutako izenak paratuko dituzte: Munoa, Marmitz, Olazar, Azkarate... Modu horretan, haurrek ere bere izenez izendatuko dituzte belai eta parajeak, Anizko toponimia gal ez dadin.

16.00etan ginkana bat burutuko dute. Joan den urtean, aniztar anitzek parte hartu zuten: etxez- etxe ibili ziren gauzak eskatuz baina solastatu gabe, antzerkia ere egin behar izan zutelarik, mimika bidez. Aurten, berriz, sorpresaz beteriko ginkana berri bat prestatu dute, eta bihar ikusiko da nolakoa den.

Ginkanaren ondotik, berriz ere mahai jokoak izanen dituzte elkartean eta, asteburua borobiltzeko txistea afaria izanen dute elkartean. Txisteak edo irri egiteko kontuak kontatuko ditu Joxe Ramonek afalondoan. Afarira joateko ere izena eman beharko da lehenagotik. - F.A.G.