elizondo - Baztango Ordenantzek dioten bezala, urteko lehen lan egunean, lehenbiziko aldiz elkartu zen Baztango Batzar Orokorra. Gai ordenean, ohiko aferak tratatu zituzten, eta aparteko kontu bezala, aipa daiteke, Erbereako kuarteleko mendi komisionatuaren izendapena. Oronoz-Mugaireko Jorge Oteizak bere prestutasuna agertu zuen posturako, eta Erberean hautagai gehiagorik ba ote zegoen galdetu eta behar zen epea utzi ondoren, ez zen inor gehiago aurkeztu, beraz, Batzar Nagusiak Jorge Oteiza Erbereako mendi komisionatu izendatu zuen aho batez.

Batzar Nagusiko gaien errutina, nolabait erratearren, azken atalean hautsi zen, Bertzelakoak atalean. Bertako azken puntuan, Aroztegiko Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren harira Lehen Auzialdiko 4. Epaitegiak emandako 153/2019 sententziare berri ematean. Joseba Otondo Batzar Nagusiko Lehendakariak, hartu zuen hitza.

Azaldu zuen, Lekarozko Aroztegiko edo San Martzialeko baselizari buruz auzibidea irekita zegoela, baselizaren jabetza norena zen argitzeko, eta duela gutxi Nafarroako Auzitegi Nagusiak baseliza Palacio de Arozteguia S. L.rena ez dela ebatzi duela, nahiz eta erabaki honen kontra Aroztegiko proiektuaren sustatzaileak errekurtsoa jarri duen.

Puntu honetan, Otondok hausnarketa bat partekatu nahi izan zuen Batzar Nagusiko ordezkariekin, ondare publikoaren defentsa udaleko hautetsien funtsezko ardura dela gogora ekarriz, eta hainbat hautetsik ez dutela horrela jokatu erranez. Jarrera hori kritikagarria dela aipatu zuen, ondare publikoaren defentsa egin beharrean nahiago izan dutelako interes pribatuekin lerrokatu.

Ruben Ziganda, Geroa Baiko zinegotziak argitu zuen, bere garaian Udala auzian parte gisa aurkeztearen kontra bozkatu zutela, jabetzaren inguruko zalantzak zituztelako eta hala eta guztiz ere, baseliza herriarena zela frogatuz gero ere, Aroztegiko proiektuaren eremuan zegoenez, lehenago edo beranduago sustatzailearekin negoziatu beharko litzatekeelako.

Azkenik, Mattari Plaza, Lekarozko alkateak hartu zuen hitza eta baselizaren inguruko gertakariak zerrendatu zituen kronologikoki. Bere etsipena agertu zuen Lekarozko herriak ez duelako eskubide juridikorik baselizaren defentsan erakunde bezala aurkezteko eta Udalaren gai honekiko jarrera deitoratu zuen, Geroa Bai eta UPNren jokabidea salatuz. Azaldu zuen ez zuela inolaz ere ulertzen ondasun publikoen defentsa egin beharrean baseliza opari gisa emateko jarrera agertu zutelako, bere hitzetan.

Behin eta berriz aipatu zuen denek zekitela baseliza Lekarozko herriarena zela, hori zioten eskriturak denei eman baiztizkien. Palacio de Arozteguia gezurretan ari dela salatu zuen ere, bere erranetan, bazutelako jabetzaren berri eta hortaz proiektuan bere aipamena desagerrarazi zutela. Gaineratu zuen Lekarozko herriak ez duela sekula baseliza bere izenean inskribatu ez duelako noiz horretarako beharrik ikusi, eta bukatzeko bere etsipena agertu zuen, baseliza herriarena dela frogatzen bada ere, ziur dagoelako enpresa sustatzaileak trikimailuak erabiliko dituela bereganatzeko.