donamaria - Auzo herriak dituzten Sunbillako karrozen edo Aurtitz, Ituren eta Zubietako joaldunen eta mozorroen famarik ez dute inondik ere, baina Urrozen eta Donamarian ere inauteriak ospatuko dituzte asteburuan.

Urrozen urteetan inauteri ofizialekin bat etorriz ospatu izan badira ere, aurten, joan den urtean irekitako bideari segituz, lehenagotik izanen dira, gaur eta bihar antolatu baitituzte gazteek.

Bi egunetako egitaraua aitzineko urteetakoaren berdintsua izanen da. Ortziralearekin afaltzeko bilduko dira Herriko Ostatuan eta horrela emanen diete mozorro bestari hasiera. Larunbata izanen da egun handia. Goizean gazteak karroan sartuta baserrietarako bidea hartuko dute eta egun osoa eskean pasatuko dute. Arratsaldean, berriz, haurrak herriko etxeetan ibiliko dira eskean. Etxez etxeko itzulian musikariak izanen dituzte bidelagun.

Inauteriak borobiltzeko, larunbat arratsean herri afaria eginen dute Herriko Ostatuan eta nahi duten guztiek, baita eskean ibili ez direnek ere, parte hartzeko aukera izanen dute.

Inguruko bertze herrietan bezala, donamariarrak ere prest dira mozorro bestarako. Larunbat honetan ospatuko dituzte inauteriak, joan den urtean bezala, besta egun bakarrera mugatuz.

Larunbat goizean, gazteak Herriko Ostatuko terrazan bilduko dira gosaltzeko eta behin indarrak hartuta, mozorroak soinean, eta Agerralde herriko musikariaren laguntzarekin, etxez etxeko eskeari ekinen diote. Gauez mahaiaren bueltan elkartuko dira berriz, Herriko Ostatuko terrazan afaltzeko.

Besta luzatu nahi duenak Lander DJarekin horretarako aukera izanen du ordu txikiak arte.

zakuzaharren bilera Zakuzaharren bilera larunbatean 16:00etan eginen dute Lesakako Arrano ostatuan. Iaz bezala, jostunentzako tailerra ere eginen dute hilaren 15ean, 11:00etan, Arranon. Izan ere, jostunak eta belarra betetzeko laguntzaileak behar beharrezkoak izanen dira aurten ere.