irurita - Iruritako dantzariek, Elizondoko abesbatza ttikiren, Baztango Udalaren eta Nafarpress liburu dendaren laguntzaz Izarrak izeneko ikuskizuna antolatu du biharko. Iruritako Aranabia pilotalekuan izanen da saioa, 20.00etan hasita.

Kristobal Zelaieta, Iruritako dantzarien irakasleak aipatu duenez, “ikuskizun zoragarria izanen da”. Iruritako 50 dantzari inguruk hartuko dute parte Elizondoko abesbatza ttikiko kideekin eta musikariekin batera.

Iazko Bagara ikuskizun arrakastatsuaren ondotik, aurten berriz ere animatu dira halako formatuarekin. Zelaietak, ikuskizunak aitzinetik izan duen prestaketa lanen konplexutasuna nabarmendu du: “Eneko Fernandez bertsolariak egin du gidoia, Kristina eta Maki Urtasunek musikalki lan handia egin dute, Pablo Mendiburuk aurkeztuko du eta oro har, jende aunitzen borondate eta konpromisoa handia izan da”.

Izarrak ikuskizunak omenaldi moduko bat izan nahi du, “denok falta ditugun izar horiei eskainia”. Dantzariek antzezpen edo interpretazio gehiago burutuko dituzte eta efektu berezi batzuk ere izanen ditu.

Biharko saioaz gain, bertze bat ere eskainiko dute, martxoaren 14ean.