elizondo. Elizondoko ura kudeatzen duen Iturri Ederra Elkargoaren enkarguz, Elizondoko bi ur biltegien kanpoko aldeek itxura aldaketa nabarmena jasan dute azken egun hauetan. Batean zein bertzean mural ederrak margotu dituzte. Goiko ur biltegiaren paretan Agozpeko zentral hidroelektrikoaren ondoan dagoen putzua margotu dute eta beheitiko ur biltegian, berriz, Txokotoko presa. Kolore eta bizitasun handiko lanek hurbiletik pasatzen direnen arreta piztu dute. Ez da Iturri Ederrari loturiko berri bakarra, izan ere, heldu den ortziralean, martxoaren 6an, 19.30ean lehen deialdian eta 20.00etan bigarrenean, Iturri Ederrak Batzar Orokorra burutuko du, Elizondoko Parrokia Aretoan.