- Aurtengo Baztandarren Biltzarra eguna uztailaren 19rako iragarria dago, eta Baztandarren Biltzarra elkarteak, prentsa ohar baten bidez jakinarazi du besta antolatzeko lanean ari dela eta horretan jarraitzeko asmoa duela.

Jakina da, koronabirusak hankaz goiti jarri duela dena, eta gaur egungo egoera beltza den arren, baikorra izan nahi du Baztandarren Biltzarra elkarteak: "bada aukera uztailerako, halako bestak egiteko debekua kentzekoa". Hala balitz, besta egitea da Baztandarren Biltzarra elkartearen nahia.

Zailtasunak ez dira soilik birusak eragindakoak. Izan ere, elkartetik diotenez, Baztandarren Biltzarraren antolakuntza taldean arras lagun guti ari dira lanean. Hori dela eta, aurten tonbolarik ez antolatzea erabaki dute. Elkarteak urte hauetan guztietan tonbolan parte hartu duten merkatari ttipi guztiei emandako laguntza eskertu nahi die.

Egoera zaila gainditu eta besta aitzinerat ateratzeko, ezinbertzekoa izanen da boluntarioen lana, eta elkartea boluntario sare bat sortzeko lanean ari da. Aitzinerago jakinaraziko du elkarteak boluntario sareko parte izan nahi dutenek eman beharreko pausoak zeintzuk diren.