- Duela egun ba-tzuk Euskaltzaindiak Donostian egindako Osoko bilkuran jakinarazi zuenez, Paskual Rekalde amaiurtarra eta Paula Kasares, Iruñean jaio baina Elizondon bizi dena, dira Andres Iñigo euskaltzain emerituaren hutsartea betetzeko proposatu diren hautagaiak.

Gogoratu behar da Euskaltzain osoa izateko proposamena hiru euskaltzain osok izenpetu behar dutela; eta, proposamenaz batera, zerrenda bat egin behar da, hautagai bakoitzak dituen merezimenduak aipatuz. Ondoren, euskaltzain osoek eta emerituek hautagaiak bozkatzeko aukera izaten dute.

Paskual Rekalde Irigoien (Amaiur, 1963) Euskal Filologian lizentziaduna da EHUn, eta, gaur egun, Nafarroako Gobernuko euskara itzultzailea da eta Eusko Jaurlaritzako Terminologia batzorde bereziko kidea.

Euskaltzain urgazle 2003an izendatua eta Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariorde, 2018an. 2000an hasi zuen ibilbidea Akademian, eta gaur egun zenbait batzorde eta lantaldetako kide da (Corpus, Euskalkiak, Euskaltzaindiaren Hiztegia, EBE, Gramatika eta Onomastika) eta, orobat, HIZBEA zerbitzuaren arduraduna.

Paula Kasares Corrales (Iruñea, 1969) soziolinguistika arloan garatu du ikasketa eta lan ibilbidea. Doktorea da eta graduak nahiz graduondoak euskal filologian, antropologian eta hizkuntza plangintzan burutu ditu.

Lan jarduna euskararen normalizazio teknikari lanetan hasi zuen 1994an. 2001etik 2003 bitartean Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria izan zen, eta egun Euskararen Nafar Institutuko Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria da; eta NUPeko Giza eta Hezkuntza Zien-tzien Saileko irakasle ere dihardu.