- Ezaguna da Amaiur, Aunitzek, batez ere, 1522an Amaiurko gazteluan izandako gertakariengatik ezagutuko dute, Nafarroako independentziaren alde borrokatu ziren 200 nafarrek gotorlekua defendatzen egin zuten ahaleginarengatik. Azken urteetan, Amaiurko gaztelua lurpetik ateratzeko egindako indusketa lan ikusgarriei esker ezagutuko dute, Amaiurko herriarekin hain lotua dagoen auzolanarengatik. Betidanik herriari eta bere honetako kulturari atxikiriko herria izan da, nortasun handikoa, eta halakoak dira ere Amaiurko herritarrak, aunitz bederen. Herria, hizkuntza, kultura, auzolana sortuz geroztik barneratuak dituzte, amaiurtarren DNAn datorren zerbait balitz bezala.

Paskual Rekalde Irigoienek ere ezaugarri guzti horiek barnebiltzen. Amaiurren 1963an sortua, herria eta hizkuntza bati dira bere baitan. Nahiz eta gaur egun ez den Amaiurren bizi, asteburuetan eta ahal duen guztietan herrira itzultzen da, erroak ez baititu atzentzen, herria ez baitu alde batera uzten, ezta hizkuntza ere. Berezkoa du hori, eta hizkun-tzarena baita lanbidea ere, izan ere, itzultzailea da eta hamarkada batzuk dira dagoeneko Nafarroako Gobernuarendako lanean ari dela, itzultzaile lanetan. Euskara da bere hizkuntza, euskara bere lan tresna, eta baita bere pasioa ere. Xalbadorren bertsoek diotena bere baitan darama, "herria da gorputza, hizkuntza bihotza", eta Paskualek ere horretan dirau, herria gorpuzten, hizkuntza bihotzean duela, baian baita mingainean eta paperean ere. Bere eguneroko lana da, baina lanaz harago ere konpromisoa dago, eusakrarekiko eta herriarekiko konpromisoa. Bide horretan duela egun batzuk pausu berri bat eman du, izan ere, Euskaltzaindiak, Euskararen Akademiak euskaltzain oso izendatu du Paskual Rekalde, Andres Iñigo emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko. Rekaldek, dena den argitu nahi izan du ez duela Iñigoren lekua beteko, "emeritua da orain Iñigo, 75 urte betez gero hala izendatzen baitira euskaltzainak, baian berak ere euskaltzain izaten segituko du, ez da erretiratu". Kontent dago euskaltzain oso izendatu dutelako, ez da gutxiagorako, euskara da bere pasioa eta hamarkada luzeak daramatza euskara erabiltzen, maitatzen, lantzen, eta zaintzen. Gainera, Euskaltzaindia barnetik ere aspaldi ezagutzen du, 2003tik euskaltzain urgazlea baita, akademiaren laguntzailea. Hiztegian ari da, euskara batuaren eskuliburuaren lantaldean, euskara batua zer den, nolakoa den, zer dagoen gaizki, zer ongi, zer hobetu behar den, etengabeko jardunean.

Hemendik aitzinera, halere, ardura eta erantzukizun gehiago izanen du, orain euskaltzain oso den heinean, dena den, oroz gaindi euskaltzain oso izatea ohore gisa hartzen du Paskualek, ohore hori ez dago jende aunitzen eskura, pentsa, 1918tik 2020ra, 93 euskaltzain oso izendatu dituzte guztira, eta guar egun 24 dira Euskararen Akademiako euskaltzain osoak, haukein batera, euskaltzain emerituak daude, eta baita euksaltzainu rgazle talde zabala ere, gaur egun 140 inguru. Euskalki desberdinetak euskaradunak hartzen ditu Euskaltzaindiak, baita alor desberdinetan lan egiten dutenak ere "ez soilik hizkuntzalariak edo filologoak, horrek aberastasuna ematen diolako".

Euskaltzaindiaren lana ez da egun batetik bertzera sumatzen, euskara bizirik dago eta bizirik dagoen hizkuntza izaki aldaketak ere bizitzen ditu, Euskaltzaindiaren lana hori zaintzea, gainbegiratzea eta arautzea da, Joxean Artzek zioen bezala, "iturri zaharretik edaten dut, ur berria edaten, beti berri den ura, betiko iturri zaharretik", eta Rekaldek literalki betetzen du hori, bai euskararekin eta baita urarekin ere, Amaiurko sortetxeko atarian dagoen iturritik. Argi du "hemendik aitzinera lan gehiago, ardura eta eran-tzukizun handiago" egokituko zaizkiola, baina prest da horretarako, "gustuz egiten den zerbait da, ohorea izan da urgazle izatea, eta gehiago osoa. Gustuz ari naiz eta horretan segi nahi nuke". Izan ere boluntario lana da euskaltzainena, "boluntario lana bai, ez bolondres lana, lehen bolondres erabiltzen zen baina boluntario da hitz egokia", azaltzen du.

Udaberrian eginen du bere sarrera-hitzaldia, Amaiurren. Oraindik urrun ikusten du data eta ez du argi zer erranen duen, "akademikoa bai, baina ez linguista eta filologoendako bakarrik".

"Ohorea izan da euskaltzain urgazle izatea, eta gehiago osoa. Gustuz ari naiz eta horretan segi nahi nuke"

Euskaltzain osoa