besbatzak, dantza taldeak, musika bandak eta gisakoak harat-honat dabiltza izerditan leku bila entseguak egiteko. Gehienek gorriak eta bi ikusi dituzte, joan den martxoaz geroztik. Ohi baino aunitzez ere toki handiagoa behar dute, ez baitute balio orain arte erabilitakoek, osasun neurrien ondorioz. Orain arte, aunitzek ikastetxe publikoak zein itunduak baliatu dituzte. Orain, ordea, ezin dira erabili, ezta eskoletako soinketa-gela handiak ere. Eskolaz kanpoko jardunik ere ez baita izanen. Talde batzuk irail hasierako eguraldi onaz baliatu dira entseguak atari zabalean egiteko, baina egun eguzkitsuek ez dute betirako iraunen. Eskean dabiltza, baina Iruñeko Udalak, konparaziora, ez ditu gauzak errazten. Dena da traba, baita aire zabalean egiteko ere. Puskaz errazagoa dauka kulturgintzak Iruñerriko herrietan hiriburuan baino. Hiriko kultur arduradunei ez zaie bururatu, adibidez, karparik para-tzea, Atarrabian egin duten bezala, uda parteko emanaldiak emateko, eta abuztuko ekaitzek ez dute ekitaldirik batere galarazi, hiriburuan ez bezala. Gauzak horrela, irudimenez jokatu behar eta, adibidez, abesbatzaren batek Matesara jo du, hau da, hirigintza-plan guztien gainetik bizirik dirauen lantegi erraldoira. Nabez eta lokal handiz josirik baitago; aunitz, hutsik. Bertze zenbait, berriz, zain daude ea zer erraten dieten elizetan, haietariko batzuk arras gutxi erabiltzen baitira. Alde Zaharrean, konparaziora, gutxienez hiruk ia ez dute jarduerarik lanegunetan. Errekoleten komentuko elizak, Aita Dominikoenak (Udaletxe atzealdean, etxeen artean kukutua, baina eliza puska izugarria da) eta Salsipuedes karrika bitxikoak, zehazki. Foru gobernua dekretuka zauli ari den honetan, ausartuko al da kultura departamentua horrelako elizak jartzera ate joka dabilen -eta behar gorrian dagoen- kulturgintzaren zerbitzura?