kama, Euskal Herriko ikasle antolakunde berria aurkeztu zuten atzo Elizondon. Euskal Herriko herrialde guztietatik hurbildutako 180 ikasle inguruk parte hartu zuten Iriarte pilotalekuan egindako aurkezpen ekitaldian.

Atzoko aurkezpenarekin bukatzen da, honenebertzez, 2019-2020 ikasturtean Euskal Herri osoko ikasleek Gora Ikasleon Borroka! lelopean abiatutako ikasle dinamika, urte osoko jardunaren eta lau hilabeteko eratze prozesuaren ondotik. Atzo azaldutakoaren arabera "Euskal Herriko hezkuntza ereduak irauli eta gure neurrira egindako hezkuntza egitasmoa eraikitzeko antolatu eta borrokatuko duen ikasle antolakundea".

Goizean goizetik hamarnaka ikasle ailegatu ziren Elizondora. Dena prest zegoen eta pilotalekuko sarbidean hainbat boluntariok gela banatu zieten bertaratutakoei. Goizeko 10.00etan hasi zen jardunaldia, ikasle mugimenduaren inguruko hitzaldi batekin. Gero Kaleak hartu izeneko tailerra burutu zuten laxoa plazan eta Baztan pilotalekuan, aldarrikapenak kalean islatzeko modu klasiko zein berrien inguruko formakuntzarekin, eta eguerdian, aurkezpen ekitaldia burutu zen.

Gaur egungo ikasle gazteen jarreraren inguruko antzerki labur batekin abiatu zen ekitaldia,taula gainean bi dan-tzarik lekukoa hartuz, hauen emanaldiaren erdian, eskenatokian jarritako oihala kendu eta Ikama irakur zitekeen oihal gorri bat agertu zen, ezustean. Hura zen izena, horren baitan izana. Iriarte pilotalekuan zeuden guztiak aulkietatik zutitu eta txaloka hasi ziren, ikasle mugimendu berriari ongi etorri erranez.

Gero, dozena bat gazte igo zen eskenatokira eta denen izenean Aitzol Gil de San Vicente eta Izaro Cuadrak hartu zuten hitza.

"Ikasleak gara. Ikasleak gara klasean lokartuta gaudenak aurreko gaua azterketarako ikasten pasa behar izan dugulako. Ikasleak gara eskuak tintaz zikinduta ditugunak. Ikasleak gara ikaskideekin etorkizuneko ametsak partekatzen ditugunak, dena egiteke dugula sinetsita gaudenak. Ikasleak gara Historiako irakasleak gure Herriko historia kontatzeko moduak amorratzen gaituenak. Ikasleak gara eskola liburuetatik kanpo, eskola liburuetan baino gehiago ikasten dugula ohartzen garenak. Ikasleak gara pandemia baten erdian ordenagailuari begira egunero zortzi ordu igaro ditugunak ezer ikasi gabe. Ikasleak gara bizi ditugun zapalkun-tzen aurrean bestelako ereduen alde martxan jartzen garenak. Ikasleak gara, han eta hemengoak, elkartu garenak, antolatu eta gure indarraren potentzialitatearen jabe garenak. Martxan dagoen ikasleria gara, eta Ikama da gure lanabesa", ekin zion Gil de san Vicentek, eta helburuak zerrendatu zituen gero: "Euskal Eskola Herritar eta Burujabea da gure zerumuga, ikasleak erdigunean izango dituen eta herritik eta herriarentzat kudeatua izango den egitasmo burujabe, nazional, publiko eta aska-tzailea".

Helburu horretarantz, inoren zain egon gabe, Euskal Eskola Herritar eta Burujabearen oinarriak ehuntzen hasteko asmoa dute, eguneroko borroka hiru filosofiaren baitan ardaztuz: lehena, "ikasleria subjektu politiko den heinean hitza eta erabakia gureak direla aldarrikatzen dugu"; bigarrenik, "Herritik eta Herriarentzat egingo dugu lan, hezkuntza komunitateko kideekin elkarlanean"; eta azkenik, "Euskal Herria gure borroka espazioa dela ulerturik, nazio eta herri eraikun-tzaren baitan egingo dugu lan, hezkuntza eremutik Euskal Herriaren eraikuntza eta askapen prozesua indartuz".

Cuadrak Ikamaren sorreraren aitzinetik egindako lana gogora ekarri zuen. Azaldu zuenez, iazko ekainean Euskal Herri osoko ikasleak lehen aldiz bildu ziren Donostian egindako asanbladan, tokian toki bakoitzak garatutako borrokak partekatu, ikasle borrokak izan behar zukeenaren inguruan hausnartu eta ikasle subjektu berri bat eratzeko beharra sentituz. Ikastetxez ikastetxe beren problematikei aurre egiteko planak egin zituzten, e"azaroaren 28ko greban ikasgelak hustu eta kaleak hartuz". Eratze Prozesuarekin batera kargatzen eta kargatzen joan direla azpimarratu zuen, Covid19ak sortutako egoerei zaintza sare eta ikasle asanbladetatik erantzunez, bertzeak bertze. Errealitatea iraultzeko mugimendua beharrezkoa dela aldarrikatu zuen, "martxan gaudelako elkartu gara gaur hemen, guk defendatuko ditugu ikasleon eskubideak, guri dagokigulako Euskal Herrirako hezkun-tza eredu berri bat borrokatu eta eraikiko duen ikasleriaren indarrak bildu eta eskuz esku lan egitea". Ikasle izateari zentzua ikasle mugimenduak ematen diola azaldu zuen, "ezagutu, saretu, elkartu, antolatu eta batera egungo hezkuntza sistema iraultzeko ardura hartzea da". Bide horretan umiltasunez, anbizioz eta konpromisoz lan egiteko deia egin zuen.

"Euskal eskola burujabe, nazional, publiko eta askatzailea nahi dugu"

Ikama

"Martxan gaude eta aurrera elkarrekin eta noranzko berean eginen dugu"

Ikama