- Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatea onartu du Lesakako Udalak, ortzeguneko udal osoko bilkuran. Gaur egun, 87 udalek osatzen dute UEMA, eta 88. udala izanen da Lesaka, UEMAren batzar nagusiak udalen eskaera berriak onartzen dituenean. Guztien artean, ia 250.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatzen dute.

Ladis Satrustegi alkatearen hitzetan, "euskararen normalkuntzarako bidean, administrazioan lan egiten dugunez, udaletik soilik bideratu ezin dugun hizkuntza politika aurrerakoia egiteko aukera ematen digu UEMAk. Horretaz gain, euskararen erabilera normalizatzeko eta euskara biziberritzeko lagun-tza handia da bertze udalerri euskaldunekin elkartzea. Azkenik, Bortzirietako udalerri guztiak dira UEMAko kide, orain Lesaka sartu dela. Honek, gure zonaldean ildo beretik eta elkarrekin lan egitea ahalbidetzen digu".

Lesakarren %79a euskaraz ongi aritzeko gai da, eta Soziolinguistika Klusterrak iaz Bortzirietako hizkuntzen kale-erabilera neurtzeko egindako lanaren arabera, %74a euskaraz aritzen da Lesakan.

Lesakak 2.741 biztanle ditu. UEMAk abenduaren 12an du hurrengo batzar nagusia, ohi bezala urteko balantzea egiteko eta urte berrirako plangintza eta aurrekontua onar-tzeko. Batzar nagusiak Lesaka UEMAko kide izatea onar-tzen duenean, Bortzirietako udal guztiak izango dira UEMAko kideak.

Ez da Lesaka UEMAko kide den lehen aldia. Hainbat urte egin zituen mankomunitatean, Lesakako Udalak 2015eko azaroan Euskara Plana bertan behera uztea eta UEMAko kide izateari uztea erabaki zuen arte. Lesakako euskalgintzaren eta pleno aretoan bildutako euskaltzaleen protesta artean hartu zuten erabaki hura, eta gaiak soka ekarri zuen. Ortzeguneko batzarraren erabakiarekin, UEMAko kide izatera itzuli da berriro Lesakako Udala. Udal Gobernua osatzen duten EH Bilduko 6 ordezkarien aldeko botoekin eta Geroa Baiko 5 zinegotzien abstentzioarekin onartu zuten erabakia.