Labiaga Ikastolak patioa berritzeko lanak hasiko ditu. Lehen fase honetan, Eztegarako eraikinaren azpiko patioan 200 metro koadroko estalkia eraikiko dute. Ikastolako kideek aditzera eman dutenez, “gure ikastolak aspalditik behar zuen halako idorpe bat eta ikasturte honetan Covid-19aren eraginez inoiz baino nabarmenago agertu da gabezia hori”. Patio berrirako ideia hainbat gurasoren, irakasleren eta bazkideren artean landu dituzte eta gero Ander Rodriguez arkitektoak gauzatutako proiekua batzarrean onartu dute.

Labiaga Ikastolako arduradunek jakinarazi dutenez, estalpea “Ikastolen Elkartasun Kutxatik jaso dugun 60.000 euroko maileguari esker eraiki ahal izanen dugu”. Euskal Herriko ikastola guztien ekarpenei esker, urtero dirulaguntza batzuk banatzen dira proiektu estrategikoak egin nahi dituzten Ikastolen artean eta oraingoan, Berako Labiaga Ikastolari egokitu zaio ekarpena jasotzea. Guztira, Ikastolen Elkarteak 800.000 euro banatu ditu hamar proiektutan eta Labiaga Ikastolak bere esker ona adierazi nahi izan dio.

Patio berria urte guztian herriari irekia egonen dela azpimarratu dute. Udalarekin egindako akordioaren arabera “herritar guztiek izanen dute estalpea erabiltzeko aukera”. Izan ere, herrian dauden espazio estaliak guti dira eta ikastola herri erdian dagoenez herritarrek “espazio hau erabiltzeko aukera izatea eskertuko dute”.