Euskal Nobela Beltzaren asterik ezin izan da ohiko formatuan ospatu aurten, ilbeltzean. Horren ordez, Hilbeltza elkartea urtean zehar, hilero, ekimen desberdin bat antolatzen ari da, eta igande honetan Itzuli Beltza burutu zuten Arizkunen, hamarnaka lagunen parte hartzearekin. Urtsua jauregian oinarritutako istorio batean oinarrituta, Emazteki bakartua izenburupean, XVI. mendera gibelerat egin zuten, antzezpen zoragarria paisai ederrean barrena egindako ibilaldi ederrarekin uztartuz. Garai bateko emakumeen bizimodua gehiago ezagutzeko aukera izan zuten bertaratutakoek, gaur egungo emakumeen bizitzarekin alderatu eta hausnarketarako bidea zabalik utziz.