"Eskualdea berpiztu eta bazterrak astintzeko" dinamika martxan da Mendialdean. Eskualdeko hainbat gaztek sortutako taldeak gazte martxa eginen du larunbat eta igandean, Donezteben hasi eta Arantzan bukatuko dena.

Doneztebeko zineman elkartuko dira gaur 10:00etan eta bertan izanen dute lehenbiziko jarduera; Altsasuko auzian prozesatutako bi gaztek Muntai polizialetik elkartasun uholdera hitzaldia emanen dute. Ondotik, martxa hasiko da eguerdian. 17:00etan Arantzara ailegatuko dira eta bertan herri kirolak, Desobedientzia bideak mahai-ingurua eta sukaldaritza tailerra eginen dituzte 21:00ak arte. 21:30ean afaria eta afalostea izanen dute, Olaia Iantzik girotua.

Igandean Ta Mendialdean zer? mahai-ingurua izanen dute 11:00tan. 14:00etan bazkaria eginen dute eta bingo musikatua ondotik. Asteburuari akabera emateko, Pleura taldearen kontzertua izanen dute 17:00etan.

Dinamika ez da asteburu honetan bukatuko. "Behin asteburua pasata, ikaspenak motxilan gorde eta proiektu berriak sortzea, esperientzia berrietan murgiltzea eta gure eskualdea astintzen jarraitzea tokatuko zaigu" aipatu zuten aurkezpenean. Dinamikan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete eskualdeko gazte guztiei, asteburu-pasara joanez edo antolakuntzan lagunduz.

Aisialdia, formakuntza eta borroka uztartuz, "eskualdeko gazteok elkar ezagutu, gure proiektuen berri izan eta etorkizunera begira aliantzak egin eta lanean jarraitzeko baldintzak sortzea du helburu Gazteon Mendialdea berpiztu dinamikak. Gazteok mugitzen gaituzten gaiak, problematikak, eztabaidak, borrokak eta ezinegonak mahaigaineratu eta hauei buruz hitz egin eta hausnartuko dugu". Dinamika eskualdeko gaztetxe, gazte asanblada, talde feminista eta bertzelako taldeei zuzenduta dago, baita norbanakoari ere, "gure munduari buelta eman nahi diogun gazte guztiok osatzen dugulako gazte mugimendua".