zken asteotan nabaria zen jende oldea larunbatetan. Joan den asteburuan, goia jo zuen eta atzo zer erranik ez. Udaberria ate joka hasi eta Arga ondoko bazterrak panpoxtearekin batera, zoko-mokoak oro daude jendez lepo, karrikak, terrazak, jarlekuak, Takonerako lorategiak, jatetxeak, peñak, elkarteak, den-dena mukuru, urrutian nahiz hurbilean gertatzen denarendako soraio, arnasa hartu nahiak bultzaturik. Ez pentsa, duela 55 urte ere, sekulakoak eta bi gertatzen ziren mundu zabalean: "Vietnam: beti bezala, makurrago ez bada. Txinan ere aspaldi egosten hasiak dira Errusiaren kontrako babak. Kongo aldeko nahasketak, Indonesiako ezin egona. Asia beherean aski ez direla, orain Brasilen nahasmendua pizten hasia....". Horixe idatzi zuten Iruñeko euskal prentsan, eta desio bat utzi zuten bukaerarako: "ikatz-txondor gehiegi gaurko munduan. Ez dezala suak oihana harrapatu". Pandemiak kiskali gaitu eta iduri du dena egin eta antolatu behar dela lehenbailehen, hots, azken bi urtean bertan behera utzitako gauza guztiak -zer gerta ere- ahalik eta lasterren egiteko, bertzelako kiskaldurarik etorri baino lehen. Konparazio batera, ez dakit sekulan eskaini ote den hiriburuan egunotan adina ekitaldirik euskaraz. Hamaika aurkezpen, saio, antzezpen, kontzertu, kantaldi eta bertze, Iruñeko euskal kulturgintzaren giharraren erakusgarri, hasiera batean, bederen. Halaber, gero eta publiko mota gehiago dago euskaldunen artean, eta gero eta euskaldun gehiago adinez gora doazen belaunaldien artean. Hala ere, egunotako uholdea ikusirik, beharbada ez legoke gaizki neurri pixka bat. Heldu den apirilean, gainera, "kantuz" itzuliko da gure karriketara, bi urteko etenaldiaren ondotik, eta datorren asteburuan munduko lasterketarik koloretsu eta gozagarriena AEKren eskutik: Korrika, alegia.