hitura eta usadio oro itzultzen ari zaigun honetan, atzo Nafarroaren Eguna ospatu zen handizki Baigorrin, gure auzoetara besta-hotsak indarrez itzultzen ari diren bezala. Txantreako txupinazo jendetsuak hartu dio lekukoa Sanduzelaikoari eta, datozen asteburuetan, harat-honat zabalduko da besta-giroa, harik eta uztailaren 6ko 12etan, Unzuek suziri nagusia tanko-tanko suturik, hiria lehertuko zaigun arte. Ondoan, noski, alkatea agertuko da, burgoi, irribarre zabala ezpainetan. Badaki jendea -arazoak arazo- besta gosez dabilela eta hantxe azaldu nahi du herritarren gogo-olatu horren gainean zut. Erakusleiho hauta baitira Sanferminak, bai Mayarentzat, bai eta aldi orotako alkateentzat ere. Dena prestatu eta zaindu nahi du artoski, xehetasunik ttipiena ere bai. Alde horretatik, ez dago argi zergatik kendu dien baimena Labrit aldeko tabernei terrazak paratzeko. Mihi gaiztoek diote alkatea hurbil-hurbil bizi dela, adinez aitzinera doala eta, orain, ez zaiola laket tamainako anabasarik. Hasmentatik beretik izan dira salaketak terraza horien aurka: bozgorailuen asots neurrigabea, entzierroa hasi arteko soinu gorgarria, zikinkeria, festaren pribatizazio ahalkegarria eta, gainera, udal garbiketa zerbitzuak arduratu dira bertan pilatutako zolda alimalea garbitzeaz. Hitz batez, sufrikario hutsa inguruko bizilagunentzat. Inork ez die jaramon zipitzik egin hogeita hamabi urtean. Asiron bera ez zen ausartu erabaki hori hartzera. Bitartean, Sanferminak gogoetagai izan dira asteon peñen eskutik: non gauden, norantz goazen, zer egin festei loturiko kontu oro hobetzeko, turismoari begira... Izan ere, bazter orotan nabari daiteke ikusmina jakiteko nolakoak izanen diren aurtengo festak, baina denak bat datoz erraterakoan jendetsuak izanen direla eta zoko-moko zein ekitaldi guztiak mukuru egonen direla, lepo.