zkenean, bihar aurkeztuko dute kartela, egunotako harrabotsaren ondoren. Iruzurra, diote. Auskalo ez ote den marketin hutsa izan arreta lehiaketara erakartzeko. Larri ibili! Nolanahi ere, ez da alde handiegirik kartelen artean, funtsean antzekoak baitira, bat edo bertze kenduta. Betidanik izan dira eztabaida iturri, ez baita oraindik jaio denen gustua eginen duenik. Duela ehun eta hamabi urte, konparaziora, epelak erran zizkioten Ziga kartelgileari, gazteek zezenetara eramaten zituzten eltzeak txikiegi marrazteagatik. Aurten, dena den, eta gustuak gorabehera, nekez ikusiko dugu gauza itsusiagorik Erriberri karrikara begira zezen-plazaren kanpoaldean dagoen afixa erraldoia baino, plazaren mendeurrenaren karira zintzilikatua. Tira, bai, bada bertze bat hori bezain handia eta hori bezain itsusia, kailejoiaren sarreran paratua. Artetik errateko, ehungarren urtemuga ospatzeko goiburua erdara hutsean dago idatzia. Erruki Etxeko agintariek ez dute errukirik euskararentzat. Horren haritik, izen handiko erakundeen artean, Osasunak du gaur egun sentiberatasunik handiena euskararekiko. Jagobari kontratua berritu ziotenean, Berriatukoaren alimaleko irudia zintzilikatu zuten Karlos III.ean, bi hizkuntzetan idatzia: berritua. Bitartean, azkenaldian, festen kontura, alkatea oparo dabil Mayakerietan hitzez eta egitez: txosnak, adibidez, Baratxuri plazatik bota eta harresiz kanpora eraman ditu, txosnariak aurka badaude ere; Sanferminak luzatzea proposatu du; bere kasa aukeratu du nork jaurtiko duen txupinazoa; inoizko musika-talderik ospetsuena ere iragarri zigun. Orain, berriz, erran du hiriak zezenketekin duen lotura kaltegarria izan dela ditxosozko talde hori ekartzeko eta, jakina, inork ez dio sinetsi. Bi hilabete doi falta dira baina jende orok badaki horrelako gehiago eskainiko dizkigula. l