Gehiegizko turismoaren etorrerak Erratzun sortzen dituen arazoak konpontzen laguntzeko Baztango Udalak herriko sarreran aparkalekua eginen du eta horretarako, diruzaintzako gerakinetik 35.700 euroko aurrekontu moldaketa onartu du. Diru sail hori, aurtengo aurrekontuetan aurreikusitako 6.300 eurori gehituz, 42.000 euroko kontu saila osatu da.

Erratzuko sarrerako aparkalekua egiteko udalak lur trukea egin behar izan du, barride batekin. Trukearen eskriturak egin bezain azkar aparkalekua egiten ahalko da, ekainaren erdi alderako. Orain eginen diren lanak behin behinekoak bertzerik ez dira, behin betikoa aitzinago eginen baita. Paretak urratu, drainatze sistema eta harri-laxozko zola emanen dira, eta hau egiterakoan 50 ibilgailu aparkatzeko tokia prest egonen da.