lara luzeak, jendea pilaturik... eta, nola ez, inguru-minguruan, joan-etorrian, zelatan errebentak, ohikoak, betikoak, betikoen semeak, bilobak (oro gizonezko), ofizioa oinordetzan jasoa, familia aunitzetan abonuak oinordetzan jasotzen diren bezala. Izan ere, zabalik dago zezen-abonua berritzeko epea zuhaizpeko itzal goxoan. Itzalean bai, beharrik, beroaren zakarra jasangaitza baita. Leihatilan abonua ordaindu bezain laster, zuzenean jotzen dute abonu-jabe zenbaitek errebentengana tratua zirt-zart egiteko. Abonua saldu nahi duten jabe uzkurrak, ordea, hantxe gelditzen dira, herabe, ez hara, ez hona, errebenta hurbiltzen zaien arte, ez baitira fio eta, tratua eginik ere, beti geldituko zaie zalantza ez ote duten abonua merkeegi birsaldu. Aurten, errebentak itxaropentsu, arras, sarrerak eskuetatik kenduko dizkietelakoan. Sumatzen da. Bada giro. Lau aste mezetak hasteko eta karrikak jada giriz lepo. Negozioak aspaldi jo zuen goia. Gainbehera zihoan. Zezenketen kontrako mezuak, animalien aldekoak, ohitura aldaketak... Azken urteetan, zenbait egunez, ia oparitan emanik ere, ezin sarrerak birsaldu. Nork pentsatuko zuen. Gero, gaitza ez baitator behin ere bakarrik, hondamendia, hau da, bi urtez zomorro zikin hori etorri behar, pandemia zoritxarrekoa, gaitza lapur isila izaten baita, eta bi urtez sosik kolkoratu gabe, bi urtez erreka-joak. Aurten, ordea, ez. Aurten, ez da sosalde ederra irabaztea galaraziko duen deus gertatuko; gainera, handiagoa da jendearen gogoa antitaurinoena baino, eta hilaren 7ko zezenketa aski eta sobra izanen da bi urteko koska berdintzeko; zer gerta ere, diren eta ez diren guztiek joan nahi baitute San Fermin egunekora edo arratsalde batez behinik behin; mundua nahasirik baitabil, ez da toki segurua, eta jendeak besta egin nahi du azken sanferminak balira bezala. l