Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztango Udalak antolatuta, heldu den urriaren 21ean Mariano Izeta bertso sariketa ospatuko da Baztanen,

16 eta 30 urte bitarteko Nafarroako hamasei bertsolarik hartuko dute parte X. edizioan. Arratsaldean, bi kanporaketa jokatuko dira Erratzun eta Elizondon, zortzina bertsolarirekin. Horietatik sei sailkatuko dira gaueko finalerako, saio bakoitzeko hiru. Afalondoko saio gisara jokatuko da finala, Elizondoko Kortarixar jatetxean. Finalerako sarrerak (afaria+saioa) www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke, 16 eurotan.

Lehenengo kanporaketa Elizondoko Intza ostatuan jokatuko dute 18.30ean eta bertan ariko dira kantuan Mikel Lasarte Cia (Barañain), Sarai Robles Vitas (Barañain), Patxi Castillo Graciarena (Bera), Egoitz Gorosterrazu Elizagoien (Ituren), Urko Gartzia Aleman (Lekaroz), Ainara Ieregi Aranburu (Barañain), Peio Ardaiz Gale (Erronkari) eta Bittori Elizalde Soto (Iruñea). Gaiak jartzen Alaitz Rekondo Ferrero lesakarra ariko da.

Ordu berean, Erratzuko Zubi-Punta ostatuan, ondorengo bertsolariak ariko dira: Endika Legarra Nuin (Iruñea), Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera), Ekain Alegre Gil (Altsasu), Idoia Granizo Uribarrena (Altsasu), Eki Mateorena Zozaia (Leitza), Jabi Lezaun Landa (Iruñea), Etxahun Azkarraga Fernandez (Etxalar) eta Beñat Astiz Isasi (Barañain). Gai jartzen, aldiz, Ander Aranburu Arriola ariko da.

Finala Elizondoko Kortarixar jatetxean jokatuko dute. 21.00etan izanen da afaria, eta ondotik izanen da saioa. Zigor Gartzia Arregi Zian ariko da aurkezle lanetan.

X. edizioa

2004. urtean antolatu zuten sariketa lehen aldiz, eta bi urtean behin jokatu da; hauek izan dira orain arteko txapeldunak: Jon Barberena, Oier Lakuntza, Jon Elizetxe, Iñaki Aleman, Aimar Karrika, Saioa Alkaiza, Joanes Illarregi, Saats Karasatorre eta Xabat Illarregi.

Mariano Izetak (Elizondo, 1915-2001) herri kultura eta bereziki bertsolaritzaren alde egindako lan handia eskertzeko helburua du bere izena daraman sariketak. Lanbidez erloju-konpontzailea zen Izeta, baina horretaz aparte lan itzela egin zuen herri kultura eta ondarea biltzen eta ezagutarazten. Egindako guztiagatik, Baztango seme kuttuna izendatu zuten. Idazle, argitalpen desberdinetan kolaboratzailea izan zen, Euskaltzaindiako ohorezko kide, Baztango hiztegien egile, mutil dantzen sustatzaile eta hamaika kontutan ibili zen Izeta.

Bertsolaritza izan zen bere zaletasunik handienetakoa. 1936. urtean egin zen lehen Nafarroako Bertsolari Txapelketan lagundu eta hortik aitzinera hamaika bertso saio antolatu zituen. Nafarroako Bertsozale Elkarteko ohorezko presidentea zen. Izeta Sariketak Nafarroako bertsolari gazte eta hasiberriei bultzada ematea du xede, plazak eskainiz, haien bertsogintza garatu eta ezagutzera eman dezaten.